Udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko du Eusko Jaurlaritzak

Anboto 2020ko abe. 9a, 20:50

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarriko den neurri sorta berria aurkeztu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Tabernak irekitzeko baimena eman du Iñigo Urkullu lehendakariak, besteak beste. Horrez gainera, herrien arteko mugikortasuna baimenduko da ostera ere; neurriak zapatuan sartuko dira indarrean; barikuan, publikatuko dira, dekretu bidez. Lehendakariaren berbetan, "gabon ezberdinak" izango dira aurtengoak. 

Euskadiko Babes Zibileko Planeko (LABI) aholku-batzordearen bilera amaitu bezain bizkor eman ditu ezagutzera neurri berriak lehendakariak. Hamar neurri iragarri ditu. Besteak beste, udalerrien arteko mugikortasuna ostera ere baimenduko dela iragarri du lehendakariak. Abenduaren 23tik aurrera lurralde historiko batetik bestera bidaiatu ahalko da, gainera. Euskal Autonomia Erkidegotik ezingo da irten, ordea. Salbuespenak  izango dira abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra. Tabernen irekiera baimendu du, koronabirusaren intzidentzia tasa 100.000tik 500ekoa baino baxuagoa duten herrietan, betiere. Etxeratze agindua 22:00-06:00 bitartean mantenduko da. Abenduaren 24 eta 31 gauetan 01:30 arte atzeratuko da. Gehienez sei pertsona biltzeko neurria mantenduko da, abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1ean ezik; hamar lagun batu ahalko dira egun horietan. 

Horrez gainera, jai eta gabon ekitaldi oro bertan behera geratuko direla azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Kirol federatuko entrenamenduak baimenduko dira, kirolen beste murrizketak mantenduko dira, ostera. 

Neurrien azterketa

Azaroaren 6an sartu zen indarrean aurreko neurri sorta. Gabonen atarian, mugikortasunak eta tabernen irekierak kezka eragin du gizartean azken asteetan. Neurrien azterketa hamabostean behin egiten ari da LABI, neurrien eragina zenbaterainokoa den ikusteko. Neurri sorta berriaren eragina 2021eko urtarrilaren 11n aztertuko da berriz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!