Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak, otsailetik aurrera online emango diren familientzako ikastaroetan eta hitzaldietan izena emateko epea hasi du

Anboto 2020ko abe. 9a, 11:42

(Argazkia: www.mdurango.org)

Doako ikastaroetan izena emateko epea abenduaren 30era arte egongo da zabalik.

Durangaldeko Mankomunitateko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak familiei zuzendutako ikastaroei eta hitzaldiei berrekingo die otsailetik aurrera. Jarduketa horiek online izango dira. 'Familientzako Eskolaren' prestakuntza-eskaintzak gai hauek jorratuko ditu, besteak beste: lotura afektiboak sustatzea, oreka emozionalaren eta sozialaren garrantzia, tentsioak konpontzea edo prebentzioa haurtzaroan eta nerabezaroan.

Doako ikastaroetan –90 minutuko 6 saio– izena emateko epea abenduaren 30era arte egongo da zabalik, 94 620 05 20 telefono zenbakian eta prevencion.mdurango@bizkaia.org helbide elektronikoan. Prestakuntza Durangaldeko ikasleen gurasoei eta interesa duen edozein helduri dago zuzenduta. Profesionalek gidatutako talde txikiak osatuko dira, drogamenpekotasunei, osasunari eta familiako komunikazioari buruzko gaiak modu dinamikoan, parte-hartzailean eta praktikoan lantzeko.

Otsailean eta martxoan bost ikastaro

Otsailean eta martxoan bost ikastaro emango dira, astelehenetik ostegunera, goizez eta arratsaldez. 0-3 urte bitarteko familian lotura afektiboak sustatuz izeneko ikastaroaren helburua familiaren barruan lotura afektiboak indartzen lagunduko duten dinamikak eskaintzea da. Bestalde, Prebentzioa haurtzaroan, komunikazioaren eta autoestimuaren bidez izenekoa, Lehen Hezkuntzako adingabeen familiei zuzenduta dago bereziki, eta bertan hainbat gai landuko dira: sentimenduak eta emozioak adieraztea, ezetz esateak duen garrantzia eta taldearen presioei aurre egitea.

Nerabezaroa eta drogak, zelan prebenitu? ikastaroa Bigarren Hezkuntzako adingabeen senideei dago zuzenduta. Prestakuntza honetan hainbat gai landuko dira, droga motak, sailkapena eta eraginak, eta drogak kontsumitzera eraman ohi duten arrazoiak (autoestimua, taldearen presioa, trebezia sozialak, etab.).

Familientzako prestakuntza osatzeko, koronabirusaren garai honetan, egokitzeko dugun gaitasuna proban jarriko duen oreka emozionalari eta sozialari eusteko ikastaro bat egingo da; eta, azkenik, antsietatea kontrolatzen ikasteko ikastaro bat, hori ere pandemia-egoera honekin erlazionatuta.

Hitzaldiak

Ikastaro horiez gain, programak bost online hitzaldi eskainiko ditu otsailaren 8an, 11n eta 24an, eta apirilaren 19an eta 28an, afektibitateari eta sexualitateari, elikadura osasungarriari, sentimenduak kudeatu eta adierazteari eta familiako gatazkak konpontzeari buruz. Hitzaldien kasuan, izen-ematea hitzaldia baino astebete lehenago egin ahal izango da, hori ere Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuarekin harremanetan jarrita. Datei eta ordutegiei buruzko informazio zehatza Durangaldeko Mankomunitatearen webgunean dago eskura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!