“Modu sortzaileagoan pentsaraztera eramaten du 'Kokojokoa'-k, betiko bideetatik urrunduz”

Aitziber Basauri 2020ko abe. 7a, 11:00

'Kokojokoa' bideojokoak irudimena astintzera gonbidatuko gaitu, Eider Eibarrek sortutako pertsonaia eta marrazkien eskutik. Miren Amurizak sortu ditu ibilbideko testu eta azalpenak, eta Mikel Iraurgik musika. Harrobi ikastola arduratu da programazioaz.

Proiektu berezia izan da zuretzat 'Kokojoko'-a?
Kokoak proiektu pertsonalean dago oinarrituta bideojokoa. Kokoak eurak eta hauen filosofia bideojokoaren ardatz direla, marrazkiekin jolasteko aukera eskaintzen du, bideo-edizioagaz eta animazioagaz esperimentatzeko aukera ere bai.  Sormen prozesua oso polita izan da eta oso pozik gaude emaitzagaz. Talde lana izan da eta asko ikasteko aukera eman digu denoi.

Irudiek garrantzi handia dute bideojokoan; zer  islatu gura izan duzue?
Bai. Azken finean, Io protagonista koaderno batean sartuko da, Kokoen bila abiatuko da, marrazkirik marrazki. Kokoek oso gustuko dituzte marrazkiak eta irudimena, eta hori islatu gura izan dugu bideojokoan. Bertan, Kokoen ikuspuntutik egingo dugu  ibilbide osoa. Euskarak presentzia handia izatea ere gura izan dugu.

Zein helburu izan duzue bideojokoa sortzerako orduan?
Euskaraz jolastea, batetik. Azken finean, gu euskaraz bizi gara, euskaraz sortzen dugu. Bestetik, umeak sorkuntzan murgiltzea: marrazketaren eta jolasaren bitartez, umeak bestelako logika bat duen munduan murgiltzea. Modu sortzaileago batean pentsaraztera eramaten du jokoak, betiko bideetatik apur bat urrunduz. Orokorrean, lau joko batzen ditu: lehenengoan, Kokoen eta marrazketarako objektuen aurkezpena egiten da; bigarrenean, Kokoen logika zoroa ulertuko dugu; hirugarrenean, marrazki berri bat zirriborro batetik abiatuta zelan sortu daitekeen ikusiko dugu; eta, azkenengoan, emozioekin jolasteko aukera eskainiko zaigu. Jokoa sari bat lortuta amaituko da: eskulan bat egiteko bideo labur bat.

4-tik 10 urtera bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago. Harrera ona izan du?
Bai, aplikazioak badaude eskuragarri eta oso erantzun ona izan dute. Kokoak edo marrazketa gustuko duen edonork erabili dezake bideojokoa, adin mugarik barik. www.kokoak.eus webgunean dago bideojokoa, jolastu gura duenarentzat.

Bigarren joko batean murgilduta zaudete dagoeneko.
Bai. Kokoei euskarazko berbak erakutsi gura dizkiegu, irudia eta euskara guztiz harremandu gura ditugu. Lagun bi elkartuko zaizkio  Io-ri: Mae eta Ur.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!