Durangoko pentsiodunek manifestazioa egingo dute zapatuan "pentsio publikoak eta duinak" aldarrikatzeko

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 2a, 13:09

Durangoko pentsiodunen mugimenduak manifestazioa egingo du zapatuan. Andra Maritik irtengo dute eguerdiko 12:00etan. Eskualdeko gainontzeko herrietan ere mobilizazioak deitu dituzte. Mobilizatzeko "inoiz baino arrazoi gehiago" dituztela esan dute.

Durangoko pentsiodunek agerraldia egin dute gaur. Kalera irten eta mobilizatzeko "inoiz baino arrazoi gehiago" dituztela adierazi dute. "Toledoko Itunaren gomendioek agerian utzi dute gezur handia dela Gizarte Segurantza publikoa jasanezina dela. Botere ekonomikoen diskurtsoa onartzen da, garrantzia handiko gaiak bazterrean utzita, hala nola, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea, eta, ekonomiaren produktibitatearen gehikuntzen bidezko birbanaketa". Horregatik, 2010eko eta 2012ko lan-erreformak indargabetzea, gutxieneko soldata 1.200an ezartzea, eta erreforma fiskal sakona eskatuko dituzte, "gehien dutenek gehiago ordaindu dezaten".

Hainbat herritan eta hainbat kolektiborekin

Durangoko pentsiodunen mugimendua ez da zapatuan mobilizatuko den bakarra izango. Elorriokoek eta Zaldibarkoek ere kalera irtengo dute. Elorrioko manifestazioa 12:00etan izango da; Zaldibarkoa, berriz, 13:00ean. Iurretan eta Zornotzan, aldiz, kontzentrazioak egingo dituzte 12:00etan. Berriztar batzuek Elorrioko mobilizaziora joko dute; beste berriztar batzuek, Durangokora. 

Pentsiodunekin batera mugimendu feminista, gazteria eta eragile sindikalak ere izango dira manifestazioan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!