Eguberrietan, asko jota hamar pertsona batzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak

Anboto 2020ko aza. 30a, 19:57
Gotzone Sagardui gaur arratsaldeko agerraldian.

Gabonetarako, udalerrietan eta autonomia-erkidegoan konfinamendu perimetrala kentzearen alde agertu da; gaueko mugikortasuna hilaren 24an eta 31n 01: 00ak arte luzatzearen alde; eta egun horietan gehienez 10 pertsona elkartzea baimentzearen alde, besteak beste.

LABIren Aholku Batzordeak Lehendakaritzan egindako bileraren ostean egindako agerraldian, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu du "ondo goazela, baina ez gaudela ondo". Sailburuak adierazi du ez ditugula nahastu behar bilakaera on bat eta egoera on bat. Zentzu horretan, aipatu du Gabonak ez dela "arriskurik gabeko" garaia, eta, horregatik, zorrotz jokatzearen alde agertu dira euskal erakundeak. "Gabonak ospatu behar direla ulertzen dugu , baina beste era batera ospatzen ikasi behar dugu", azaldu du.

Gaur adostutako neurriak Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluari helaraziko dizkiete.

Neurriak mantentzen dira

Sailburuak baieztatu du birusaren hedapena prebenitzeko modurik onena "egungo neurriak irmo mantentzea" dela. Hala, urriaren 26ko eta azaroaren 6ko Dekretuetan ezarritako prebentzio neurri guztiak aktibo mantentzea erabaki du LABIak.

Beraz, indarrean jarraituko du Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean eta pertsona bakoitzak bizilekua duen udal-ingurunean pertsonak sartzeko eta irteteko mugak; gaueko ordutegian 22:00etan zirkulatzeko mugak; jarduera sozioekonomikoak 21:00etan mugatzeak edo ostalaritza-establezimenduak ixteak, besteak beste. Abenduaren 9an neurriak berrikusiko dira.

LABIren Aholku Batzordeak onartu egin du, halaber, Lehendakariaren Dekretuaren aldaketa puntual bat, saltokien edukierari eta prebentzioari buruzko neurriak gehitzeko, erosketen jarduera seguruagoa izan dadin, Gabon-aldi osoan eta aurreko asteetan nabarmen areagotzen baita.

Horrela, 150 metro karratutik gorako instalazio eta lokalek edukieraren %60 baimendu beharko dute gehienez. Merkataritza-guneetan edukiera hori bera aplikatuko da solairu eta saltoki bakoitzean, bere merkataritza-azalera alde batera utzita. 150 metro karratu bitarteko azalera duten establezimenduetan, gehieneko edukiera %75ekoa izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!