Durangalde Beti Reala, futbol ligako liderrari eskualdetik hauspoa ematen dion lagunartea

Anboto 2020ko aza. 26a, 20:00

Sasoi ona da Realarentzat. Errege Kopako finalaren zain, liga txapelketako liderra da eta Europa Leaguen bizi-bizirik jarraitzen du. Zaleak gozatzen dabiltza taldearen ibilbideagaz. Durangaldean ere realzale ugari dago eta euretariko hainbatek lagunarte bat sortu dute aurten, sentimendu txuri-urdina lau haizetara zabaltzeko: Durangalde Beti Reala. 75 bazkide ditu eta euretariko erdiak Realeko bazkide ere badira.

Durangoko realzaleak aspalditik batzen dira Ibaizabal tabernan, partiduak elkarregaz ikusteko. Hantxe mamitu zen lagunartea sortzeko ideia. Baina ez ziren asmo horretan zebiltzan bakarrak. "Abadiñon ere realzaleen talde bat sortzeko asmoa genuen. Bagenekien Durangon zertan zebiltzan eta pentsatu genuen bakoitza bere aldetik baino hobe zela denok bat egitea", gogoratu du Ibai Urien abadiñarrak eta lagunarteko kideak.

Hainbat herritako realzaleak batu dira: Durangokoak eta Abadiñokoak batez ere, baina baita Elorriokoak eta Iurretakoak ere, besteak beste. Oraindino ez daukate egoitza ofizialik, baina bila dabiltza, etorkizunean bilgune ofizial bat edukitzeko.

Euskara eta ikuspegi soziala
Lagunartearen sorrerak pandemiaren erdian harrapatu ditu eta oraingoz ezin izan dituzte gauzatu buruan zituzten ideiak. Etorkizunera begira, partidu inportanteetan, derbietan esaterako, kalean giro sanoa sortzeko asmoa dute, baina euren ikuspegia futbolaz haratago doa, Manu Carrasco lagunarteko presidenteak kontatu duenez. "Gauzak egin gura ditugu. Esaterako, emakumeen Athletic-Real ongintzazko partidu bat antolatzea izan daiteke aukeretariko bat eta batutako dirua Gobernuz Kanpoko erakunde bati ematea", esan du. Urienen esanetan, "euskara sustatzea" izango da euren beste lan ildoetariko bat. Etorkizunean, egoera hobetzen denean, Reale Arena futbol zelaira elkarregaz joan gura dute, Realaren partiduak bertatik bertara bizitzeko.

Arbionesi eskerrak sortutako lagunartea

Orain aste bi, Angel Arbiones hil zen, lagunarte berriko bultzatzaile nagusia. Legazpiarra jaiotzez, Durangon bizi zen eta 64 urte zituen. Realzale "amorratua" eta Ibaizabal tabernan batzen zen betikoetarikoa zen. "Orain urtebete inguru partidu bat ikusten geundela, lagunarte bat sortzeko ideia bota zuen. Ideia hortxe geratu zen, baina, harrezkero, behin eta berriro errepikatzen zuen ideia", adierazi du Manu Carrascok.

Azkenean, bere ingurukoak konbentzitu zituen eta aurrera egitea erabaki zuten. "Ondoren, bera ibili zen paperak egiten eta baimenak eskatzen. Lan handia egin zuen. Argi dut beragaitik izan ez balitz seguruenik ez zela lagunarte berri hau existituko. Gure artean txoko berezi bat izango du betiko", onartu du Carrascok. Egoera hobetzen denean, Arbiones gogoratzeko omenaldiren bat antolatzeko asmoa dutela azaldu du.

Realeko bazkidea zen eta etxeko partiduak Anoetan —gaur egungo Reale Arena— ikusten zituen. Kanpora ere joaten zen. 2013ean Realak Manchester United-en kontra Europa Leaguen jokatutako partidua bertatik bertara ikusi zuen, Old Trafford zelai mitikoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!