Mankomunitateko aurrekontuen lanketan "informazio falta" eta "nahasmena" egon direla kritikatu du EH Bilduk

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 24a, 19:24
Aitor Lopez eta Ane Abanzabalegi Mankomunitateko EH Bilduko kideetako bi dira. ARTXIBOA.

Berriz Mankomunitatera batzearen inguruan "inolako informaziorik" jaso ez duela dio EH Bilduk, eta gaineratu du hainbat batzordetan "informazio falta" egon dela. Bestalde, aurrekontuak prestatzeko dokumentuak "gaztelania hutsean" egon direla salatu du.

Mankomunitateko EH Bildu kexu da. Aurrekontuak prestatzeko prozesuan "informazio falta" eta "nahasmena" egon direla dio. Koalizioak oharra igorri du hedabideetara eta bertan eman ditu xehetasunak.

EH Bilduk dioenez, Mankomunitateak bi aurrekontu zirriborro helarazi dizkio. Berrizko Udala Mankomunitatean sartzea aurreikusten duena litzateke horietako bat, eta Berriz bako aurrekontua bestea. "Ez dakigu zein zirriborro aztertu behar dugun, Berriz sartzearen inguruan ez dugu-eta inolako informaziorik jaso. Gaurko egunez sartzeko egutegia da jaso dugun dokumentu bakarra", azaldu du koalizioak. EH Bilduren esanetan, egutegi hori, "eztabaida ezeztatzeko" egina legoke.  Mankomunitateko talde politikoek azaroaren 27an jasoko lukete behin-betiko zirriborroa, eta abenduaren 1erako egin beharko lituzkete ekarpenak, koalizioaren arabera. Hori guztia dela eta "gardentasun falta" dagoela kritikatu du Ane Abanzabalegi EH BIlduren Mankomunitateko bozeramaileak.

Horrelako egoerak beste hainbat batzordetan errepikatu direla dio koalizioak. Adibidez, Emakumeen Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna prestatzeko informazioa batzordeetan jaso barik, emailez jaso izana kritikatu dute.

"Atzerapausoa" euskaran

Aurrekontuak prestatzeko dokumentuak "gaztelania hutsean" egon direla salatu dute EH Bilduko ordezkariek. "Lehenago ere salatu dugu Mankomunitatean euskara arloan atzera pausu nabarmenak egiten ari direla. Oraingoan aurrekontuen inguruko aurkezpena eta egutegia gaztelania hutsean jaso ditugu”. Koalizioak iragarri du mozioa aurkeztuko duela. “Euskara arloan oinarrizkoak diren neurriak hartu daitezen, hitz politak eta euskararen aldeko adierazpen publikoak baino gehiago, neurri zehatzak behar ditugu”, esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!