Edukiontzi marroiaren erabilera sustatzeko kanpaina abiatu du Durangaldeko Mankomunitateak

Joseba Derteano 2020ko aza. 24a, 13:15
Gaur goizeko prentsaurrekoko irudia

Durangaldeko Mankomunitateak Eskuan duzu aukera: zaborra ala lurra izeneko kanpaina aurkeztu du gaur goizean, herritarrak edukiontzi marroia erabiltzearen eta zati organikoaren konpostatzea areagotzearen garrantziaz jabetzeko, horrela, hondakina lorategiak eta baratzeak ongarritzeko lur bihur daitekeelako.

Edukiontzi marroia duela bost urte hasi zen zabaltzen Durangaldeko udalerrietan. Harrezkero, organikoaren bilketaren kopuruak "etengabe gora" egin du, "nahiz eta guk izango genukeen baino geldoago doan", azaldu Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunikateko presidenteak prentsaurrekoan. Hauek dira datuak: 2016an 99.060 kilo batu ziren, eta 2019an, 108.180 kilo.

"Ezin gara horrekin konformatu. Ondo dakigu zein garrantzitsua den esparru honetan aurrera egiten jarraitzea", esan du Elkoroiribek. Horregatik abiatu dute kanpaina berria. Hondakinak gaika biltzeko eta birziklatzeko Nazio Batuek ezarritako helburuak betetzea –Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) barruan–, eta Durangalde "atseginagoa eta ingurumenarekin konprometituagoa" lortzea dira helburuak. Horrela, joan den otsailean edukiontzien parkea beste 30 gehiagorekin osatu zen. Etorkizunean beste hamar bat jarriko dituzte eta 100 edukiontzietara helduko dira. "Orduan herriguneetako irla denetan egongo da organikoa botatzeko aukera", azaldu du Augusto Uriartek, Mankomunitateko hondakin bilketa zerbitzuko arduradunak.

Durangaldeko Mankomunitateak Abadiñon, Atxondon, Elorrion, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian eta Zaldibarren ematen du zerbitzu hori. Udalerri horietan, biztanleriaren % 24 inguruk –Durangaldeko 1.635 etxe inguruk– parte hartzen duela kalkulatu dute, gaikako bilketarako ontzi bat dutenak edo eta bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenak kontuan hartuta.

Zer eraman daiteke edukiontzi marroira eta zer ez?

Edukiontzi marroian, funtsean, hondakin hauek onartzen dira: fruta eta barazki hondarrak; hostoak, belarra eta loreak; arroza, lekaleak eta pasta; materia organikoz zikindutako paperezko ezpainzapiak edo zapiak; eta infusio-poltsatxoak edo kafearen eta fruitu lehorren hondarrak.

Konpostagarriak badira ere, hauek oraingoz ezin dira edukiontzi marroira bota: animalia jatorriko janarien hondarrak (arraina, haragia…) arrautzen azalak, esnekiak edo animalien gorotzak. "Aldunditik aurreratu digutenez, 2021eko martxo ingururako mota horretako hondakinak edukiontzi marroira bota ahal izatea espero dute", aipatu du Elkoroiribek. Hori gertatzen denean "bultzada berri bat" emango zaio hondakin organikoen biriziklapenari eta bigarren fase bat jarriko dute martxan. 

Durangaldeko udalerrietan bildutako hondakin organikoa Bizkaiko Konpostegira bidaltzen da. Instalazio horiek Bizkaiko Foru Aldundiak Alonsotegin duen Eko-parkearen barruan daude.

Izen-ematea

Edukiontzi marroiek giltza dute; beraz, aurretik Mankomunitatean izena eman dutenek bakarrik ireki ditzakete. Horretarako, hiru modu daude: 94 623 25 22 telefono zenbakira deitzea, behargintza.mdurangaldea@bizkaia.org  helbide elektronikora idaztea, edo webgunean dagoen formularioa betetzea (www.mdurango.org).

Izena eman ondoren, Durangaldeko Mankomunitateak doan emango du birziklatzeko behar den material guztia: 10 litroko plastikozko ontzi bat, tapa eta aireztapenarekin; poltsa konpostagarri sorta bat; edukiontzi marroian onartutako hondakinei buruzko informazio zehatza, eta edukiontzia irekitzeko giltza.

Udaletxeetan eskuragarri egongo da triptikoa eta izena-eman dutenei zein interesa erakusten dutenei ere banatuko diete:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!