Azaroak 25

“Emakumeok ez gara ezagutzera ematen eta gizarteak ere ez digu horretan laguntzen ”

Maialen Zuazubiskar 2020ko aza. 24a, 09:10

Mari Luz Guenaga ingeniari informatikoa eta ikerlaria da. Asteon Txintxirri Ikastolan eskainitako berbaldi batean, umeei eta bereziki neskei zientzia eta teknologia arloak zelan egin erakargarri azaldu du.

Zientzia eta teknologia zelan egin erakargarri azaldu duzu asteon berbaldi batean. Uste duzu gazteentzat ez direla erakargarriak gaur egun?
Umeak txikiak direnean, zientzia eta teknologia erakargarriak egiten zaizkie. Baina ikasketak aukeratzeko ordua heltzen zaienean, gazteek ez dute zientziara eta teknologiara jotzen. Hau ikasketa konkretu batzuetan gertatzen da gehienbat, ingeniaritzan, lanbide heziketa teknikoetan, mekanikan, matematikan eta horrelakoetan. Gazte gutxik aukeratzen dituzte ikasketa hauek. Hori gutxi balitz, horietariko oso gutxi dira emakumeak. Gaur egun, arlo horretako egoera larria da.

Zelan egin daiteke hori erakargarri?
Arazoak hainbat arrazoi ditu. Lehenengoa profesioari buruzko ezjakintasuna da, hau da, gazteek ez dakite horrelako ikasketaren bat eginez gero non lan egin dezaketen; ez dakite zer nolako ibilbide profesionalak izan ditzaketen. Ikasketen inguruan ere hainbat kontu daude. Askotan entzun dugu ingeniaritza bat oso zaila dela, gutxi batzuk direla gai hori egiteko. Eta horrelako iritziak entzunda, eurak ez direla horrelako ikasketa bat egiteko gai uste dute neskek askotan. Halako aurreiritziak izaten dituzte. Beste arazo bat estereotipoak dira, profesional hauen inguruan dauden estereotipoak. Hau da, sarritan entzun izan dugu profesional hauek pertsona bakartiak direla, ez dutela beste bizitzarik lanaz gainera. Gazteek profesional hauenganako duten irudia errealitatetik kanpora dago, eta ez da batere erakargarria.

Hori guztia gutxi balitz, lehen hezkuntzako seigarren mailatik aurrera, normalean, nesken konfiantza eta segurtasun falta areagotu egiten da. Neskek ez dute konfiantzarik euren gaitasunetan, eta horrek mugatu egiten ditu ikasketak aukeratzerako orduan. Hori ikusita, nire ustez beharrezkoa da lanketa bat egitea.

Zein paper duzue zuek eta ikastetxeek horretan guztian?
Ikastetxeek hainbat ekintza txertatuta dituzte zientzia eta teknologiak modu erakargarri eta interesgarri batean egiteko. Guk Inspira Stem proiektua dugu unibertsitateetan. Proiektu honetan, sei saiotan, emakume zientzialari eta teknologoak ikastetxeetara joaten dira, hango gaztetxoei profesioak erakutsi eta eurekin batera estereotipoak lantzeko asmoz. Saio hauek, gainera, ikasleei aukera ematen die euren zalantzak galdetzeko mentoreei.

Gaur egun publikoki agertzen diren erreferenterik gehienak gizonezkoak dira. Horrek ere ez du askorik lagunduko, ezta?
Horixe da Inspira proiektuaren ardatz nagusietariko bat. Gertukoak diren erreferenteak jendartera ateratzea da gure asmoa, erreferenteok emakumezkoak zein gizonezkoak izan. Horrela, gaztetxoek ikusten dute zientzia eta teknologia arloan lan egiten duten herriko gizon zein emakume horiek normalak direla eta auzoan zein kalean aurkitu ditzaketela. Beste alde batetik, arlo profesionalean lan izugarriak egiten dituztela ikusten dute.

Nire ustez, gaur egun gertatzen dena da emakumeok ez garela ezagutzera ematen eta gizarteak ere ez digula horretan laguntzen. Beraz, hori aldatu egin beharko da profesional gehiago izateko etorkizunean arlo honetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!