Hasteko, zer da maiatsun erromantikoa?
Maitasun mota bat dela ematen duen arren, eraikuntza sozial bat da. Gizonak eta emakumeak sozializatzeko modu bat da. Ematen du bihotzetik bihotzera doan kontua dela, baina maitasun honek itxura sentimentala eta emozionala duen arren, badu bere alde ekonomikoa eta baita politikoa ere.
Zertan oinarritzen da?
Lau ideia nagusitan kokatu beharko ginateke eta horiek dira ikastaroetan lantzen ditugun mitoak. Bat: maitasuna guztiz boteretsua da eta maitasunak dena lortu dezake. Maitatuz gero, bestea aldatu egingo da. Maiteminduta bagaude, berehala elkar ulertuko dugu batere arazorik barik. Bi: kosmikoa da eta gure patuan dago. Gure laranja erdia. Gu osatzera eta borobiltzera datorren pertsona hori erraz identifikatuko dugu bat-bateko maiteminaren moduko bategaz. Hirugarrena: dena eman behar dugu maitasun horrek funtzionatu dezan. Batez ere, emakumeok hezten gaituzte bide horretan. Hortik datoz Sin ti no soy nada eta horrelako abestiak. Bikoterik barik bakarrik gaude eta horrelako ideiak. Gure sekretuak, gure gorputza, dena eman behar dugu nahiz eta momentu horretan gura ez. Laugarrena: maitasuna esklusiboa eta posesiboa izan behar dela litzateke panorama hori borobiltzen duen laugarren ideia. Zeloak maitasuna direla pentsatzea.
Maitasun erromantikoa berdin bizi dugu emakumeok eta gizonok?
Maitasun erromantikoa bai, baina desberdina da neskei eta mutilei ematen zaizkien mezuak. Adibidez, sozializatze bidean, mutil bati esango zaio bizitzan badaudela maitasun erromantikoa baino askoz ere garrantzitsuagoak diren egitasmoak, proiektuak, nahiak eta asmoak. Adibidez, kirola, dirua irabaztea, lanbide bat izatea... Ez kezkatzeko eta maitasuna etorriko dela esaten zaie mutilei. Helduko da emakume bat eta, gainera, emakume horrek amak duen maitasunagaz maitatuko du, ezer eskatu barik, beti ematen. Neskei, ostera, ez. Neskei esango zaie euren bizitzaren erdigunean proiektu sentimental bat egon behar dela: amatasuna, bikotea, zaintza... XXI. mendean gaude. Jakina beste egitasmo batzuk izan behar dituztela, kirola, lanbidea... baina bien artean hautatu behar izatekotan, sentimentalak hartzen du aurrea.
Zaintza emakumeok hartzen dugu gure gain.
Bai, eta horren probak modu askotan ikusten dira. Etxean, nork zaintzen ditu seme-alabak eta gurasoak? Emakume askok lanaldi erdia edo eszedentziak eskatuta. %90 emakumeek eskatzen dituzte. Datu esanguratsua da. Eta COVID-19 sasoi honetan hori areagotu egin da. Eta honek guztiak eragin ekonomikoa du. Diru sarrera erdia jasotzen da, eta ondoren jubilazioan ere erdia jasotzen da.
Zein lotura du maitasun erromantikoak dependentzia emozionalagaz?
Erabatekoa. Eman egin behar duzu, eta, gainera, egitasmo hori zure bizitzaren erdigunean ipini behar duzu. Baina arazoa da ez dutela biek ipiniko. Emakumeek bai, eta gizonek ez. Eta hor kontraesan eta tentsio emozional handiak daude. Hain sozializazio ezberdina eta faltsua izan dugunez, dibortzio kopuru handia ikusten ari gara. Eta alderik txarrenean emakumeen kontrako indarkeria.
Zelan desikasi daiteke hau guztia?
Lehenengo urratsa begiak zabaltzea da. Hau da, ikustea hau eraiki egin dela eta badituela identifikatu daitezkeen ezaugarriak. Zorionez, mugimendu feminista bere hirugarren olatutik dabil material hau lantzen. Begiak zabaltzen ditugunean, badaude bibliografiak deseraikuntzan laguntzeko. Coral Herreraren materiala, esate baterako. Bere materiala oso ondo dago eta oso blog interesgarria dauka. Ezberdintzen du zelan landu gaia mutilekin eta neskekin. Las mujeres que ya no sufren por amor eta Los chicos que no van a hacer sufrir por amor. Feminitateak hau guztia zalantzan ipini behar du, baina baita maskulinitateak ere.
Zein eragin du maitasun erromantikoak?
Kontuz ibili behar dugu. Azkenean, egia da emakumeok galtzaile irteten dugula. Ematen du gizonezkoek atarramendu handia dutela. Baina haiei gertatzen zaiena da basamortu emozionalean bizi direla euren sentimenduak adierazteko eta maneiatzeko. Harreman emozional korapilatsu eta mingarriak egiten ditugu. Azkenean, denok irteten dugu galtzaile hain kutsakorra eta gezurrezkoa den amodio eredu honetatik.
Orduan, hobea da pelikula erromantikorik ez ikustea?
Ikusi bai, baina era kritiko batean ikusi behar dira. Hurrengo egunetan, horixe da Iurretan egingo duguna. Filmak eta telesailak modu kritikoan ikusteko gida bat egingo dugu.
Fikzioan beste era bateko ekoizpenak egiten ari dira?
Bai, orain arte komigintzan lan handia egin da alde horretatik. Orain, maitasun erromantikoa desmuntatzeko telesailak ditugu. Netflixen eta HBOn asko daude antidoto moduan erabili ditzakegunak: Big Little Lies, Euphoria, Podría destruirte, Sex education, Por trece razones...