“Koronabirusaren datuak ematen dizkigute, kopuruak, baina ez gaixo baten atzean dagoen sufrimendua”

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 20a, 10:00

Esther Ariznabarretak eta Geno Ereñagak koronabirusaren aurpegirik garratzenetariko bat bizi dute, adinduen egoitzetakoa. Martitzenean mobilizazioa egin zuten Ezkurdin, ratioak jaistea eta egoitzen kudeaketa publikoa eskatzeko. Egoera gogorra izaten ari dela diote, nahiz eta gabeziak lehenagotik igarri dituzten. ELAko delegatuak dira biak.

Izurriak egoitzetako gabeziak agerian utzi dituela diozue.
Geno Ereñaga: Behargin falta da arazorik larriena. Zaintzari lotutako lan karga behargin gutxi batzuen bizkar dago eta guztiak aurrera egiten badu, hori gure beharginen lan neurribakoari eskerrak da. Horregaitik, ratioak igotzea eskatzen dugu.

Ratioak igotzea eskatzeaz gainera, zaintza sistema publikoa bermatzea eskatu duzue.
Esther Ariznabarreta: Sare publikoan dauden egoitzetan gutxieneko baldintzak betetzen dira, araudiak horretara behartzen duelako. Beste egoitzetan, ostera, ez dago txanda bakoitzean hainbeste erabiltzaile edo hainbeste zaintzaile arautzen duen gutxieneko zehatzik. Harrigarria iruditzen zait zaintzari lotutako lan karga inoiz baino premiazkoagoa denean, egoera honetan egotea. Erabiltzaileek arreta handia behar dute. Askok osasun arazo larriak dituzte. Zaintzaile bat dago 25 erabiltzaileko.

"Zainketak duina, unibertsala eta doakoa izan behar du. Horretarako, behargin gehiago izatea ezinbestekoa da"

Beraz, itunpeko egoitzak egoitza publikoen pare ipintzea eskatzen duzue?
E.A.:
Kudeaketa, gutxienez, publikoa izan dadin eskatzen dugu.
G.E.: Zainketak duina, unibertsala eta doakoa izan behar du. Horretarako, behargin gehiago izatea ezinbestekoa da.

Egoera hau pandemiak ekarri du ala izurria ailegatu baino lehenago ere halantxik zeundeten?
E.A.: Lehendik ere baziren gabeziak. Ratioak igotzeko eta arautzeko eskaria aspaldikoa da. Bestalde, azken hile hauetan eskatu duguna da erabiltzaile bakoitzari egunean ordu biko arreta eskaintzeko modua izatea. Ordu bi horietan denerik sartzen da: erabiltzaileari gosaria ematea, bazkaria ematea, dutxatzea, lotaratzea eta abar. Hori izan da orain arteko kanpaina. Aurrerantzean dena modu publikoan arautzea eskatuko dugu.

Martxoan eztanda egin zuen guztiak. Zelakoa izan zen ordukoa?
E.A.: Oso gogorra. Hasieran, babes-materiala falta genuen, nahiz eta hori ez zen gure enpresaren arazoa. Zerbait orokorra zen. Eta, egiari zor, EPIak oso azkar ailegatu ziren gure zentrora. Erabiltzaileentzat, ostera, oso latza izan zen. Askok mugikortasuna galdu zuten, eta ez birusagaitik; isolamenduagaitik baino. Kolpe emozional handia izan zen haientzat. Ezin izan zituzten familiak ikusi. Eta birusa harrapatu zutenei buruz, zer esanik ez.

Koronabirusak utzi du hildakorik Astarloa eta Barandiaran egoitzetan?
G.E.: Barandiaranen pertsona bakarra hil zen, lehenengo olatuan. Bigarren olatuan kutsatze gehiago egon dira. Beste herritar bat hil da ordutik hona.
E.A.: Astarloan, bost herritar hil ziren koronabirusak jota, lehenengo olatuan.

"Iruditzen zait gizarteak beldurra galdu diola birusari"

Eta zuei, zelan eragin dizue egoerak emozionalki?
G.E.: Antsietate handia dugu. Nekea. Ziurgabetasuna. EPIekin lan egitea oso bestelakoa da. Lana erabat aldatzen dizu. Zazpi orduan EPI bategaz lan egitea gogorra da.
E.A.: Gero, bada beste gauza bat. Iruditzen zait gizarteak beldurra galdu diola koronabirusari.

Gizarteak beldurra galdu dio koronabirusari?
E.A.: Ez digute erakusten gertatzen dabilena. Bai, koronabirus datuak ematen dizkigute, kopuruak, hildakoak. Baina ez gaixo baten atzean dagoen sufrimendua. Nik gorabeherekin ikusten dut kontua. Batzuetan, lasaiegi ikusten dut gizartea. Eta ulertzen dut denok dugula tarteka lasaitzeko beharrizana. Eta, ostera, beste batzuetan antsietate handiagaz ikusten dut egoera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!