Koronabirusari aurre egiteko neurri murriztaileak gutxienez beste 15 egunez luzatuko ditu Jaurlaritzak

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 19a, 19:57

"Egoera hobetzen ari da, baina ez gaude ondo. Orain arteko neurriak eraginkorrak izaten ari dira. Estrategiak funtzionatu egin du eta horrela jarraituko dugu", esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.

Joan den azaroaren 6tik indarrean dauden neurri murriztaileak gutxienez beste hamabost egunez luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agerraldia egin du iluntze honetan eta bertan eman ditu erabakiari buruzko azalpenak. "Egoera hobetzen ari da, baina ez gaude ondo. Ardura indibidual eta kolektiboari erreparatu behar diogu, gure osasuna, ingurukoena, eta osasun sistemaren egoera baitago jokoan", esan du. Intzidentzia tasa gutxitzen ari dela onartu du. Orain arteko neurriak "eraginkorrak" izaten ari direla gehitu du, eta horiek denboran luzatuko direla aurreratu du. Hain zuzen ere, neurrien luzapena zapatuan sartuko da indarrean, neurriok Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean.

Horrenbestez, orain arte indarrean egondako neurriak bere horretan mantenduko dira, gutxienez, beste hamabost egunetan. Hau da, indarrean jarraituko dute udalerrietako itxialdi perimetralek, herrialdeetako itxialdi perimetralek edota ostalaritza zarratuta mantentzeko neurriek. Hamabost egun hauek pasata, berriro ere berrikusiko dute osasun egoera, eta erabaki berriak egon daitezkeela aurreratu du Sagarduik

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!