Durangaldeko hamar kirol elkartek bat egin dute eskola kirola eta kirol federatua bueltatzeko aldarriarekin

Joseba Derteano 2020ko aza. 16a, 14:42
(Argazkia: @gertasport)

Euskal Herriko 235 kirol elkartek adierazpen bat kaleratu dute kirol jarduerei berriro ekiteko exigituz eta euren artean eskualdeko 10 elkarte daude.

Honako hauek dira adierazpenarekin bat egin duten eskualdeko kirol elkarteak: Amorebieta Ikastxiki futbolaren garapenerako elkartea, Elorrio kirol kluba, Berriz kirol kluba, Durangoko Pelotazale pilota kluba, Gertasport Kirol Kluba, Elorrioko Hori Hori pilota kluba, Iurretako Kirol Taldea, Olazarmendi gimnasia erritmiko kluba, Durangoko Kulturala kirol elkartea eta Zornotzako Lagun Onak pilota elkartea.

Eskola kirola zein federatua bertan behera uzteko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren kontra daude sinatzaileak. Kirol jardueretan ematen den kutsatze-maila %0.28 eta %0.30 artean dagoela diote. "Beste arlo batzuetan kutsatze-maila altuagoa izan da eta arlo horiek martxan daude", jasotzen du adierazpenak.

Kirol elkarteek prebentzioan egiten duten lana defendatu dute. "Protokolo zehatz bati aurre egin behar diogu edozein gauza egin nahi dugunean: ibilbideak, seinalizazioa, aforoak, desinfekzioa, tenperatura hartu… erantzukizuna hartu, azken finean. Eta erantzukizuna hartzeko prest egon arren ez digute uzten eskola-adinekoak eta federatuak diren kirolariak entrenatzen".

Geldialdi honek klubak eta elkarteak "hustutzea" ekarriko duela diote, horrek ondorioekin. "Jendeak beste jarduera indibidual eta asozialagoetara jotzea, jarduera ez osasuntsuak garatzea. Eta horrela ez bada, kalean egongo dira, elkarrekin, akaso distantziak gorde barik, akaso maskara barik eta seguruenik aisia pasatzeko alternatiba barik", diote adierazpenean.

Azkenik, entrenatzaileen eta begiraleen egoera gogoratu dute. "ABEE-etara [aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea] edo langabeziara kondenatzen dira eta era berean kirolaren antolakuntzan ari direnen sarea desagerrarazten da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!