“Eskalada bidea gustatu zaiola entzutea jendeari, hori da saria”

Joseba Derteano 2020ko aza. 15a, 19:50

Gaizka Kortazar (Durango, 1969) haitzetako eskultorea da. Besteok arroka soilak ikusten ditugun tokian, eskaladarako bide posibleak imajinatzen ditu berak. 1992tik hona, 400 bat bide diseinatu eta ekipatu ditu Durangaldeko mendietan. Bere azken 'artelana' Oizko hareharrian dago. 2020an zehar 30 bat bide zabaldu ditu Ametzorbe mendiko paretean.

Eskaladari buruz berba egitean, Anboto mendilerroko haitzetara joaten zaigu begia. Zelan deskubritu zenuen Oiz inguruko pareta?
Orain 20 bat urte deskubritu nuen. Ametzorbe 600 bat metroko mendia da eta Oizko mendilerroan dago. Handik nenbilenean, atentzioa ematen zidan pareta bat ikusten nuen. Baina pinudi bat paretatik oso gertu zegoen. Ezin zen ezer egin. Koinatuak beherago zegoen beste horma baten berri eman zidan. Horma erakargarria iruditu zitzaidan. Pinuak ez zeuden hormatik gertu eta bideak sortu nituen.

Bigarren gunea egiteko, pinuak bota arte itxaron behar izan zenuen?
Bai. 2018an bota zituzten. Baina horma goroldioz beteta zegoen, berde eta umel. Hegoaldera ematen duenez, eguzkiak lehortu arte itxaron genuen. 2020ko martxoan hasi ginen lanean.

Konfinatu gintuzten hilean.
Zapatuan horman lanean geunden eta hurrengo egunean konfinatuta! Sokak bertan geratu ziren. Mendi erreskaterako taldean ditudan lagunei eskerrak errekuperatu nituen. Konfinamendua amaitu eta segituan hasi ginen berriro lanean. Beraz, une honetan eskaladarako gune bi daude Ametzorben: iparraldekoa 20 bat bidegaz, eta hegoaldeko berria, 29 bidegaz.

Ametzorben, ohiko kareharria barik hareharria da nagusi. 
Kareharria harri bigunagoa da. Iparraldekoan nabaria da hareharria dela, baina hegoaldeko egitura gogorragoa da. Kolorea bera ere harearrian ohi dena baino zuriagoa du; kareharria dirudi. 

Hasiberrientzat bide aproposak direla aipatu izan duzu. 
Hegoaldeko gune berrian bide errazak daude, eskumako aldean batez ere. 4. edo 5. graduko bideak dira: laburrak, etzanak eta heldugune askokoak. Gaztetxoekin joateko aproposak dira. Beheko guneko bideak, ostera, gogorragoak dira.

Zelan heldu daiteke bertara? 
Nire gomendioa da kotxea Oizko forestalean uztea, merenderoa dagoen tokian. Iparraldeko bideak handik 20 minutura daude, eta hegoaldeko berriak ordu erdira.

Bideetako batek 'Covid-19' izena du. 
Ez da bakarra. Bide bat baino gehiago ikusi dut antzerako izenekin: koronabirus, Covid, konfinamendu… Bizi dugun sasoia da!

Durangaldeko zein ingurutan zabaldu dituzu bideak?
Ametzorben, Untzillatxen, Besaiden eta Udalatxeko meategi inguruan.

Guztira, zenbat bide sortuko zenituen?
Untzillatxen bakarrik 300etik gora. Denak kontuan hartuta, 400 inguru.

Horien guztien artean, baduzu bide edo gune kutunik?
Untzillatxen, Elosu izeneko sektorean, 'oroimenaren bidea' izeneko gune bat dago eta niretzat berezia da. Nevado Ojos de Salado mendian [Andeetan, Argentina eta Txile arteko mugan] hildako lagun bati eskainita dago. Hainbat lagun aritu ginen lanean. 90eko hamarkadaren hasiera zen eta orduan hasi nintzen bideak ekipatzen. Harrezkero, ez naiz geratu. Untzillatxen bide gutxi zeuden orduan, nahiko mendi birjina zen alde horretatik.

Bakarrik aritzen zara bideak ekipatzen? 
Lehenengo urteetan bakarrik aritzen nintzen. Noizean behin, lagunek laguntzen zidaten. 2013tik hona, Leticia Uriarte elorriarrak asko lagundu dit. Nigaz eskalatzen hasi zen eta, nire antzera, asko gustatzen zaio bide berriak sortzea.  Abadiñoko, Berrizko eta Basauriko lagun batzuek ere lagundu izan didate. Untzillatxeko bideak ekipatzen nenbilen sasoian, Jaime Alonso durangarrak ere lan handia egin zuen.

Zelakoa da eskaladarako bideak ekipatzeko lana?
Oso lan gogorra da eta denbora asko kentzen du. Jendea hasten da, baina ikusten duenean zelako lana den nekatu egiten da. Ez da eskalatzea bezain dibertigarria! Baina normala da eta ulertzen dut.

Afizioagaitik egiten duzu?
Bai. Mendia eta eskalada maite ditudalako egiten dut. Bizkaiko mendi federazioan taldetxo bat gabiltza bideak ekipatzen edo berrekipatzen. Ez dugu ezer kobratzen. Federazioak, ahal duen neurrian, ekipatzeko materialaren zati bat ematen digu. 

Lan gogorra da, esker txarrekoa sarritan, diruak norbere poltsikotik ipini behar… Zerk asebetetzen zaitu?
Eskalada bidea gustatu zaiola entzutea jendeari, hori da saria. Ez pentsa orain gutxi arte hasiberrientzat bide asko egon denik inguruotan. Atxarte, orokorrean, toki exigentea da. Nik ideia hori izan dut buruan beti: eskaladaren munduan hasi eta apurka sakondu gura zutenentzat bideak sortzea. Beraz, jendeak hori eskertzen dizunean, ez dago sentsazio hoberik.

Egidazu bide bat ekipatzeak dakarren lanaren deskribapen txiki bat. 
Ametzorben, esaterako, hormaren goiko aldean dauden zuhaitzetan soka lotu eta handik igotzen gara. Bidea imajinatu behar da eta helduleku posibleak markatu behar dira. Aipatu dudan moduan, goroldioa kentzeak ere lan handia eman digu. Gero, federazioaren araudiari jarraituz dena ekipatzen dugu.

Eta zelakoa da sormen prozesua?  Begirada berezia behar da bide berriak 'ikusteko'?
Hormari behetik gora begira ipini, gogoeta egin, imajinatu… sormen prozesua da eta, bai, begiratzeko moduan asmatu beharra dago.   

Badago bideren bat inork igotzea lortu ez duenik?
Untzillatxen goiko aldean, 'Pintxo' izeneko bide bat dago, 7a+ gradukoa. Nahiko gogorra da eta oso goian dagoenez jendea normalean ez da haraino joaten. Nik dakidala, inork ez du bide hori egin oraindino. Baina ez da erraza jakitea. Igual norbaitek egingo zuen nik jakin barik.

Webgune bat sortu duzue bide guztien berri jasotzeko.
Bai, hau da webguneko helbidea: www.untzillaitz-sur.com. Leticiari okurritu zitzaion sortzea. Izan ere, liburuak zaharkituta geratzen dira bide berriak zabaltzen zoazen neurrian. Webgunea, ostera, bizirik eta eguneratuta dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!