Berton Bertokoak lapiko-jotzea antolatu du, eskoletan kalitatezko elikadura bermatu dadin aldarrikatzeko

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 5a, 21:05

Administrazio publikoei jangeletako zein ikasgeletako ratioak jaisteko, eta irakasle zein hezitzaile gehiago kontratatzeko eskatuko die Berton Bertokoak. Lapiko-jotzea azaroaren 17an egingo dute ikastetxe bakoitzeko klaseak amaitutakoan. Hezkuntza komunitateko gainontzeko eragileei eta Durangaldetik kanpoko ikastetxeei ere dei egin diete protestan parte hartzera.

Halaxe esan du Berton Bertokoak, gaur iluntzean Abadiñon egindako agerraldian: "Lapiko hotsak badatoz". Kalitatezko hezkuntza-elikaduraren alde lan egiten duen dinamika kexu da ikasturtea hasi zenetik gaur arte ailegatu diren arazoekin. "Ikastetxe askotan sukaldeak falta dira. Askok jangela zarratuta izan dute. Beste batzuek, berriz, zabalik, baina ikasle talde mugatu batentzako bakarrik" adierazi dute. Gaizka Agirre eta Elixabete Agirre bozeramaileek Zelaietako eskolan (Abadiño) gertatutakoa ipini dute egoera ilustratzeko adibide modura. "Eskolako 200 bat umek jantoki zerbitzurik barik hasi behar izan zuten ikasturtea. Arazoa konpondu egin da gerora, baina umeen jateko denbora murriztuta. Txanda batek iraun ohi duen denbora-tartean, hiru txanda ipini dituzte". Dinamikako kideek gogora ekarri dute "jateko ordua momentu hezitzaile lez" ulertzen eta aldarrikatzen dutela.

"Ume batzuentzat eskolakoa da egun osoko jatordu bakarra"

Berton Bertokoak kalitatezko hezkuntza gura du jangeletan zein ikasgeletan. Horregatik, administrazio publikoei eskatu die jangeletako zein ikasgeletako ratioak jaisteko eta, langile zein hezitzaile gehiago kontratatzeko. Kasu batzuetan, muturrekoa baita egoera. "Ume batzuentzat eskolako zerbitzua da egun osoko jatordu bakarra", esan du Berton Bertokoak. "Elikadura eskubidea da". 

Protesta, azaroaren 17an

Horregatik guztiagatik, lapiko-jotzea egingo dute azaroaren 17an. Durangaldeko ikastetxeetan egingo dituzte joaldiok, klaseak amaitutakoan, ikastetxe bakoitzaren araberako ordutegietan. Bestalde, hezkuntza komunitateko gainontzeko eragileei eta Durangaldetik kanpoko ikastetxeei ere dei egin diete protestarekin bat egiteko. "Lekeitioko eskola eta Santutxuko Karmelo ikastetxeak (Bilbo), adibidez, bat egin dute deialdiarekin", esan dute. Helbide elektronikoa ipini dute protestagaz bat egin gura duten eragile eta ikastetxeentzat: bertonbertokoa@gmail.com

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!