Tabernak ixtea agindu du Eusko Jaurlaritzak, eta etxeratze-agindua 22:00etara aurreratu du

Anboto 2020ko aza. 5a, 19:44

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarriko den neurri sorta aurkeztu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Bihar, azaroak 6, publikatuko dira neurriak, eta zapatutik aurrera egongo dira indarrean. Azaro osoan zehar mantenduko dira neurriak. Gabonetara "ahalik eta hobeen" heltzea, eta etxeko itxialdia sahiestea da neurrien helburua Urkullu lehendakariaren arabera. 

Neurri berriak Euskadiko Babes Zibileko Planeko (LABI) aholku-batzordearen bilera amaitu bezain bizkor eman ditu ezagutzera neurri berriak. Tabernak ixteaz gainera, "jarduera sozioekonomiko oro" itxita egon beharko da 21:00etatik aurrera; farmaziak eta gasolindegiak baino ezingo dira zabalik egon ordu horretatik aurrera. Etxeratze agindua 23:00etatik 22:00tara murriztu du, esan bezala. Tabernez gainera, joko aretoak ere itxiko dira dekretu berriaren eraginez. 

Kultur eta kirol jarduerei eragingo dien neurriak eman ditu ezagutzera Urkulluk, baita ere. Horrela, "profesionalak edo semi-profesionalak" ez diren kirol ekitaldiak bertan behera geratuko dira. Kultur ekitaldiei dagokienez, 21:00etarako amaituta egon beharko dute. 

Neurrien azterketa, hamabostean behin

Neurri berriak azaro osoan zehar egongo dira indarrean, eta hamabostean behin aztertuko dute hauek zenbaterainoko eragina izaten ari diren. Aurreko dekretua ezarri zenetik hamar egun igaro ostean, egoera "gero eta kezkagarriagoa dela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta osasun sistemaren "berehalako kolapsoa" ez dela emango esan arren, "mehatxua" dela adierazi du. "Zaindu gaitezen denok, denok zaintzeko", amaitu du lehendakariak. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!