Atzoko probek 35 kasu baieztatu dituzte Durangaldean

Maialen Zuazubiskar 2020ko aza. 5a, 12:34

Atzo 35 PCR positibo detektatu zituzten Durangaldean. Horietatik 13 Durango, 12 Zornotzan, hiruna Abadiñon eta Iurretan, 2 Berrizen eta bana Elorrion eta Otxandion. 

EAEn, 14.668 proba (PCRak eta antigenoak kontuan hartuta) egin ziren atzo, eta horietatik 1461 positiboak izan ziren: 621 Bizkaian, 152 Araban eta 671 Gipuzkoan. Gainontzeko positiboak, 9, EAEtik kanpo bizi diren pertsonenak dira.

Intzidentzia tasa
Azken asteotan Osasun Sailak semaforo baten antzeko sistema darabil herrikako egoeraren berri emateko. Eremu horia, laranja eta gorria erabiltzen ditu. Irizpidea ezartzerako orduan, 5.000 biztanletik gorako herrietan azken 14 egunetako inzidentziak kontuan hartzen dituzte. Horren arabera, 100.000 biztanleko 499 kutsatu baino gehiago dituzten herriak eremu gorrian kokatzen dira. 300etik 499ra bitartekoak, eremu laranjan. Hortik beherakoak, eremu horian.

Durangok, Zornotzak eta Abadiñok eremu gorrian jarraitzen dute. Durangoko inzidentzia tasa 985ekoa da; Zornotzakoa 1019koa eta Abadiñokoa 753koa. Elorrio, berriz, pandemiaren eremu laranjan dago, 456koa da tasa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!