Patinete elektrikoa, tantaka bada ere, geroago eta gehiago ikusten den garraiobidea

Joseba Derteano 2020ko aza. 5a, 08:49

Hiri handiek urte batzuk daramatzate patinete elektrikoen erabilerak izan duen hazkundeari egokitzen. Ingurumen ikuspegitik, konbustio bidezko ibilgailuei ipini dizkieten murriztapenek mota honetako garraiobidearen ugaritzea ekarri dute. Herri txikiagoek oraindino zeharka begiratzen diote fenomeno horri, baina apurka-apurka eta tantaka bada ere,  geroago eta patinete elektriko gehiago ikusten da inguruotan. Bizikleta-dendetan, esaterako, lehenengo pertsonan bizi dute jendeak duen interesa eta, azaldu dutenez, geroago eta gehiago sartzen dira dendara patinetengaitik galdezka.

Iurretako Undarribike Bike&Snow dendan ez dute patinete elektrikorik saltzen, baina konpondu egiten dituzte. "Eskaria dago, gorakada bat ikusi dugu eta patineteak ere kopontzen hastea erabaki dugu", azaldu du dendako Aitor Undagoitiak.

Bere bezeroek lanera joateko edo aisialdirako erabiltzen dute patinetea, baina banaketa zerbitzuentzat ere garraiobide erabilgarria dela konturatu da, inoiz denda kanpoan ikusi duenagaitik. "Ikusi izan dut banaketa enpresa bateko furgoneta hemendik gertu geratzen, eta banatzailea Iurretan banatu beharreko paketeak patinete elektrikoan banatzen. Alternatiba aproposa da mota horretako langileentzat", adierazi du.

Durangoko Bizibike dendan ez dute patinete elektrikorik, baina baten batek interesa badu, bitartekari lana egiten dute, denda espezializatuetan eskatuta. Denda horietan, 500etik 1.000 eurora bitartean erosi daitezke. Kontua da Interneteko gune batzuetan merkeago ere eskuratu daitezkeela, baina kalitatea sakrifikatuta. "Jendeak pentsatu behar luke 150 euroko batek ez duela 700 euro balio duenaren besteko bermerik ematen", adierazi dute Bizibike dendako arduradunek. Sarriago hondatzen dira eta, gainera, ez dira konpontzeko batere errazak. "Nori eskatu piezak? Nora jo? Denda serioetan erositakoak badira, telefonoz deitu eta eurek laguntzen digute arazoa identifikatzen, baina, bestela, oso gatxa da", diote. Adinari dagokionez, jendeak pentsatu dezakeen baino adin tarte zabalagora hedatzen da interesa. Undarribike dendako Undagoitiak 20tik 45 urtera artean kalkulatu du bere bezeroen adin tartea eta Durangoko Bizibikera 40 urtetik gorakoak ere joan izan dira.

Araudia
Hiri handietako buruhausterik ez dago oraingoz herri txikietan. Bizikidetza eramangarria da. Beraz, Duragon, esaterako, ez dago garraiobide mota horren gaineko ordenantzarik, eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emandako irizpideak aplikatzen dira.

Patinete elektrikoak Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailu moduan hartzen dira. Mota horretako ibilgailuen gaineko behin betiko araudia onartu bitartean, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak irizpide argigarri batzuk argitaratu zituen iazko abenduan, gidariei eurei, udalei zein trafiko arloko poliziei laguntzeko. Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuek honako ezaugarriak dituzte: gurpil bakarra edo gehiago izan dezakete, baina plaza bakarra dute; motor elektrikoekin bakarrik bultzatu daitezke eta gehienez 25 kilometro orduko abiadura hartu dezakete. Ezin daitezke espaloietan edo oinezkoen guneetan ibili.

Zer jokabide zigortu daitekeen ere zehazten da irizpideetan: mugikorra eskuan dela gidatzea, soinu-erreproduzitzailera lotuta dauden kaskoak edo aurikularrak ipinita gidatzea edo gauez argirik barik edo elementu islatzailerik barik gidatzea, besteak beste.

Aseguruak
Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuek, eta, beraz, patinete elektrikoek ez dute asegururik behar, baina geroago eta erabiltzaile gehiago dagoenez, aseguru etxeek beren beregi eurei bideratutako aseguruak eskaintzen dituzte. "Batez ere erantzukizun zibila barneratzen duten aseguruak dira. Norabide biak kubritzen ditu, bai gidariak norbait jo badu, edo bai bera jo badute. Gehigarri moduan, bestelako istripuetarako kobertura bat sartu daiteke, baina erantzukizun zibilarena da printzipalena", azaldu du Seguros Bilbao aseguru-etxeko Javi Ruedak.

Mota horretako aseguru bat baino gehiago egin dute Durangaldean, baina patinete elektrikoen fenomenoa oraindino  "ez da lehertu" eskualdean. "Oraingoz ez dira asko ikusten eta ez da lehentasunezko lan lerro bat gure aseguru etxean", gaineratu du. Bestelakoa da egoera hiri handietan: "Orain urte bi Bartzelonan egon nintzen eta hangoa beste kontu bat da. Asko ikusten dira eta bide propioak dituzte. Aseguruak beharrezkoagoak dira, hor kasuistika asko daudelako. Adibide bat: bizikletan istripu bat badut eta erruduna neu banaiz, seguruenik etxeko aseguruan sartuta egongo da erantzukikun zibila. Baina patinete elektrikoena seguruenik ez da sartuta egongo", dio Ruedak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!