Amankomunazgoak Elkartegira lekualdatuko ditu Behargintza, Adikzioen prebentziorako zerbitzua eta Euskara zerbitzua

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 2a, 18:15

Amankomunazgoak, aurrerantzean, Durangoko Elkartegian eskainiko ditu Behargintza, Adineko, Adikzioen Prebentziorako zerbitzua eta Euskara zerbitzua. 

Durangoko Udalak oktogonoa uzteko eskaria egin zion Amankomunazgoari, eta, azken honek, bere lan espazioak birmoldatzera behartuta ikusi du bere burua. Bere hainbat zerbitzu eskaintzeko espazio arazoak izan ditu Amankomunazgoak, eta, orain, arazoari irtenbidea topatu dio. Izan ere, Amankomunazgoak akordioa sinatu du Azpiegiturak sozietate publikoagaz. Eta horren ondorioz, aurrerantzean Elkartegian eskainiko ditu Behargintza, Adineko, Adikzioen Prebentziorako zerbitzua eta Euskara zerbitzua. Eraikinaren bigarren solairuan eskainiko ditu zerbitzuok. Adikzioen Prebentzio Zerbitzua dagoeneko martxan dago Elkartegian. Azpiegiturak soziezate publikoagaz sinatutako akordioak bost urteko iraupena du. 

Eraikina herriaren erdigunean dagoenez, Amankomunazgoak "zerbitzuen irisgarritasuna hobetzea" ekarriko duela azaldu du. "Gainera, zerbitzu horiek zentralizatzeko aukera ematen du, haien artean sinergiak sortzeko, kostuak arrazionalizatzeko eta euren lana egiteko baldintza hobeak lorteko", adierazi du. 

Bestalde, Behargintza Intxaurrondoko lokaletatik lekualdatzeak "Durangoko Udalak duela denbora gutxi mahai gainean jarri duen elkarteen espazioen arazoari erantzuteko aukera sortzen da", Amankomunazgoaren esanetan. 

Elkarteak, Pinondo Etxetik oktogonora

Durangoko Udalak Pinondo Etxea zarratu behar izan zuenean, lanerako espaziorik barik geratu ziren herriko hainbat elkarte. Orain, elkarte horietako batzuk oktogonoan kokatu ditu udalak. Esate baterako, Berbaro eta JAED, bertan ari dira lanean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!