Parentesi luzearen ondoren, denboraldi hasiera itxaropentsua izan dute Amorebieta futbol klubak eta Durangoko Kulturalak

Joseba Derteano 2020ko urr. 20a, 13:00

Joan zen asteburuan, Bigarren B Mailako eta Hirugarren Mailako liga denboraldiak hasi zituzten. Ondorioz, sei hilabeteko parentesiaren ondoren, eskualdeko futbol klub nagusi biak, Amorebieta eta Durangoko Kulturala, berriro zelaietara bueltatu ziren. Apurka jokoan konfiantza hartzeko ez ezik, zalantzak uxatzeko ere balio izan zuten estreinako partiduek. Talde biek ezaugarri bat erakutsi zuten: lehiakortasuna. Eta azken unera arte ekiteari eskerrak lortu zuen garaipena Amorebietak eta berdinketa Kulturalak.

Amorebietak 2-1 menderatu zuen Laredo etxean, eta 90. minutua gaindituta zegoela lortu zuen garaipenaren gola, falta bat errematatzera igotako Aimar Sagastibeltza zentralari eskerrak. Leitzako (Nafarroa) jokalariak bigarren denboraldia du Amorebietan.

Partidua hasi aurretik, Maria Eugenia Etxebarria oroitu zuten. 2014 eta 2018 artean klubeko presidente izandakoa irailean hil zen.

Kulturalaren erreakzioa
Durangoko Kulturalak ere euren buruarengan izandako fedeari eskerrak lortu zuen garaipena. Pasaiari egindako bisitan atzetik joanda eta aurkaria baino gutxioago izanda joan ziren aldageletara, baina bigarren zatian erreakzionatu egin zuten, hainbat aukera sortu zituzten eta euretariko bat sareetara bideratu zuen Ximon jokalariak.

Azpimarratzekoa da hiru jokalari gaztek lehenengo taldeagaz debutatu zutela: Joseba Beitiak (19 urte), Aitzol Gonzalezek (18 urte) eta Josu Gallastegik (18 urtez). Gallastegik klubeko maila guztietan jokatu du.

Zapatuan, etxean jokatu du Kulturalak Anaitasunaren kontra. Publiko bako partidua izango da, gaur eguneko egoeraren ondorioz. Hala ere, etxean jokatzen duten hurrengo partiduan zaleak harmailetan egotea itxaroten dute, edukiera murriztuarekin bada ere.

Gainerako ligak
Emakumeetan, eskualdeko ordezkari nagusiak, Euskal Ligan dabilen Elorrio futbol klubak, azaroaren 1ean hasiko du denboraldia. Asteburu honetan Bizkaiko hainbat liga hasiko dituzte. Ohorezko Mailan gustua ematen du taldeen zerrendari begiratzeak, eskualdeko hiru talde daudelako aspaldiko partez: Iurretako, Elorrio, eta maila honetan estreinako urtea izango duen Abadiño. Iurretakok San Pedroren (Sestao) zelaia bisitatuko du. Jon Gurutz Vazquezen mutilek, ohiko moduan, Hirugarren Mailara igotzeko borrokan ibili gura dute. Maila berean dabil Elorrio futbol kluba ere. Honek ere etxetik kanpora hasiko du denboraldia, Arrigorriagan, Padura taldearen kontra. Abadiñok, ostera, etxean hartuko du Erandio, Astola zelaian.

Koska bat beherago, Lehentasunezko Mailan, Zaldibarko Zalduak, eskualdeko ordezkari bakarrak, Basauriren kontra jokatuko du.

Beheragoko mailetan, B taldeak alde batera utzita, Ezkurdi Lehenengo Erregionalean arituko da, Berriz Bigarrenean eta Otxandioko Vulcano Hirugarrenean. Emakumeetan Elorrio B-k eta Ezkurdik Lehen Erregionalean jokatuko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!