Abadiñon, Durangon eta Elorrion tabernak 21:00etan itxi beharko dira eta herritarrei udalerritik ez irtetzeko gomendatu diete

Anboto 2020ko urr. 22a, 21:32

Labi aholku batzordean hainbat neurri hartu dituzte intzidentzia altua duten herrientzat. Neurriak bihar bertan sartuko dira indarrean, Euskadiko Boletin Ofizialean agertu ostean. Horrez gain, pandemiaren eremu gorrian dauden herrietarako (Abadiño, Durango eta Elorrio) hainbat gomendio ere eman dituzte. Horietako bat herrietatik ez irtetzeko gomendioa da. 

Gaur arratsaldean Labi aholku batzordearen bilera egin dute Lehendakaritzan eta bertan koronabirusaren izuarriaren inguruko diagnostikoa egin eta neurri berriak hartu dituzte. Batzarraren ostean Miren Gotzone Sagardui osasun sailburuak neurrien berri eman du. 

Neurriak:
Taberna eta jatetxeak 21:00etatik 06:00etara zarratuta egon beharko dute.

Tabernako barran ezingo da kontsumitu. Derrigorrezkoa izango da mahaietan jartzea.

Taldeko kirola debekatuta geldituko da. Kirola  bakarka egin beharko da. 

Parkeak 21:00etatik 08:00etara itxita egongo dira.

Merkataritza establezimenduek 21:00etan itxi beharko dituzte ateak, elikadura establezimendu, farmazia eta gasolindegiek izan ezik. Horiek ezingo dute gaueko 9:00etatik aurrera alkoholik saldu.

Gomendioak
Eremu gorrian dauden herrietatik ez irtetzeko gomendatu dute. 

Sei lagun baino gehiago ez biltzea. 

Elkarrekin bizi direnekin bakarrik elkartzea.

Gainontzeko herriak
Eskualdeko gainontzeko herrietan taberna eta jatetxeak 00:00etan itxi beharko dira.

Txoko eta elkarte gastronomikoetan ezingo da inolako jarduerarik egin.

Topaketak sei lagunetara mugatzea gomendatzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!