Menpekotasuna duten senide zaintzaileei laguntzeko Zaindu programako jarduerei ekin die berriro

Anboto 2020ko urr. 16a, 11:15

Durangaldeko Mankomunitateak, menpekotasuna dutenen senide zaintzaileei zuzendutako laguntza eta orientaziorako Zaindu programaren udazkeneko jarduerei ekin die berriro. Laguntza psikologikoko tailerrak
eta prestakuntza jardunaldiak azaroaren amaierara arte luzatuko dira, eta edozein unetan hartu ahal izango da parte, beti ere aurretik zerbitzuarekin harremanetan jarrita.

Hiruhileko honetarako programazioak bikoteei eta zaintzaileei laguntzeko tailerrak
prestatu dituzte Durangon eta Matienan (Abadiño), “Zirkuitu osasungarriak”
izenekoez gain. Gainera, Alzheimer gaixotasunari eta beste dementzia batzuei buruzko
prestakuntza saioak eta eguneroko bizitzan burua aktibatzeko ideiei buruzkoak
antolatu dira, mankomunitateko arduradunek azaldu dutenez.

Irailean zehar, berrogeita hamar pertsona inguru –35 emakume eta 19 gizon– jarri dira
harremanetan eta informazio eta orientazio zerbitzuaren arreta jaso dute. Bestalde, laguntza
psikologiko indibidualizatura zuzendutako dozena erdi ekintza egin dira. Zaindu laguntzara zuzendutako doako programa da, menpekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntza, arreta eta orientazioa emateko. Programa 1997an hasi zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!