Kirol norgehiagokak bueltan dira Durangoko atletismo pistan

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 6a, 12:25

Durangoko atletismo pistak bere lehiaketa egutegia berreskuratu du. Asteburu honetan Bizkaiko banakako Sub-16, Sub-18 eta Sub-20 txapelketak jokatuko dira. Amankomunazgoak segurtasun protokoloa adostu du Euskal Atletismo Federazioagaz.

Kirol lehiak bueltan daude Durangoko atletismo pistan. Asteburu honetan Bizkaiko banakako Sub-16, Sub-18 eta Sub-20 txapelketak jokatuko dira bertan. Datorren astean, berriz, Euskadiko Sub-18 mailakoa. 

Kirol probei koronabirusagatiko babes neurriak ipiniko dizkiete. Amankomunazgoak jakinarazi du "protokolo horretan mailakatutako sarrerak, 1,5 metroko segurtasunezko distantzia, higiene pertsonalerako neurriak eta diziplina bakoitzean lehiaketa garatzeko dinamika espezifikoa" jasotzen direla. Lehiaketak egun osoan zehar mailakatuko dira, goizeko eta arratsaldeko ordutegian.

Ikusleek maskara ipinita izan beharko dute. Distantzia hartuta egon beharko dira eta tenperatura neurtuko zaie instalaziora sartzerakoan. Euskal Atletismo Federazioak lehiaketa horretarako prestatu duen  formularioa bete duten pertsonak baino ezin izango dira instalazioetara sartu.
 
Amankomunazgoak lankidetza eskatu du neurriak betetzeko eta erantzunkizunez jokatzeko. 
 
 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!