'30 egun bizikletaz' erronka 129 lagunen parte hartzeagaz bukatu da

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 5a, 10:46

Bizikletaren erabilera egunerokotasunean txertatzeko erronkak balantzea egin du: 129 lagunek egin dute bat erronkagaz. Horietako 80 herritar aktiboak izan dira, egunero egin dituzte joan-etorriak. Amankomunazgoak sari-banaketa egingo du eguaztenean eta aurrera begirakoak finkatzen jarraituko du, Durangaldea bizikletaren erabilerarekiko lurralde atsegina izan dadin.

Balantzea egin du Amankomunazgoak. '30 egun bizikletaz' erronka bukatuta, zenbakiak atera ditu. Guztira eskualdeko 129 lagunek hartu dute parte bizikletaren erabilera egunerokotasunean txertatzeko erronkan. Horietako 80 inguru erabiltzaile aktiboak izan dira. Hau da: egunero erregistratu dituzte bizikleta bidezko joan-etorriak. Erabiltzaile guztiek egindako distantziak batuta, 10.742 kilometroko marka ezarri dute.

Bigarren zenbaki bat egitasmoan parte hartu duten eragileetatik iritsi da. Enpresetako, ikastetxeetako eta udaletako beste 170 bat erabiltzaile batu dira erronkara. Kontua da Amankomunazgoaz batera, eskualdeko hainbat enpresak, ikastetxek eta udalek egin dutela bat eskualdea bizikletarentzako inguru atsegina izateko lanketagaz. Horien artean daude, besteak beste, Azterlan, Cafés Baqué, Decathlon, Katiak eta Pierburg enpresak, Iurretako Lanbide Heziketa eta Durangoko Maristak ikastetxea, eta, Elorrioko Udala.

Sari banaketa eguaztenean

Eguazten honetan egitasmoan parte hartu dutenen arteko sari-banaketa egingo dute Iurretako Ibarretxe kultur etxean. Gutxienez 20 egunez parte hartu duten erabiltzaileek, kafe-sortak, bizikleta tolesgarri bat, bizikleten azterketa teknikoak edo kaskoak banatuko dituzte. Ekitaldia 18:00etan egingo dute.

Durangaldea, CFE izateko bidean

Hemendik urte batzuetara Durangaldea bizikletaren erabilerarako lurralde lagunkoia izatea gura du Amankomunazgoak. Europa osoan Cycle Friendly Emplyer ziurtagiria lurralde oso batera hedatzen duen lehen eskualdea izatea gura du. Bide horretan, bizikletaren eguneroko erabilera %0,6 izatetik %5 izatera pasatzea gura du 2023rako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!