Durangaldeko klubek begi onez ikusten dute eskola kirolaren itzulera, eta hasi dira denboraldiko entrenamenduak prestatzen

Joseba Derteano 2020ko urr. 3a, 10:00

Bizkaiko Aldundiak baimendu egin du federatzeko adinik ez duten umeei bideratutako kirol eskaintza. Aste honetatik aurrera hasi ahalko da. Orokorrean, eskualdeko kirol klubek begi onez ikusi dute sei hilabetean itxita egon den atea berriro zabaldu ahal izatea, batez ere uste dutelako kirola egitea onuragarria dela umeentzat.

Durango Rugby Taldeak arrakasta handiko errugbi eskola dauka. Iaz 120 ume izan zituzten Bambino Rubgy Eskolan. Bertako arduradun Aratz Gallastegiren esanetan, "gogotsu" daude itzuleraren aurrean. "Kirola egitea eta dinamika hori berreskuratzea umeentzat oso onuragarria dela pentsatzen dugu. Horregaz batera, gurasoek bide bat aurkituko dute seme-alabek kirola modu jarraitu batean egin dezaten", dio. Izan ere, kirola egiteko diziplina hori lorgarriagoa iruditzen zaio inguru antolatu batean, bakarrik arituta baino.

Erronka bat izango da kirol klub guztientzat. "Lan itzela eskatuko digu eta orain arte egitera ohituta ez gauden lan klaseak izango dira", onartu du Gallastegik. Ildo horretatik, monitoreek eta eskolaren inguruan dabiltzanek formakuntza saioak egin beharko dituzte, egoera berrian zelan jokatu ikasteko. Gero, protokoloak daude, zelai barruko jardueretarako bat eta handik kanporako beste bat. Azken horretan, ikastetxeen ildoari jarraitu diote, aurretik eginda duten lan bat delako. "Pistak eman dizkigu jende multzoak zelan kudeatu erabakitzeko". Zelai barruan, sistema mailakatua erabiliko dute; hau da, banan-banako ariketekin hasi eta apurka elementu berriak (baloia…) sartzen joatea da asmoa. Hala ere, "malgutasuna" izango da irizpide nagusietariko bat, eta ibilian ikasi gura dute. "Gauza bat da paperean ageri dena eta beste bat praktikak erakusten diguna. Egoera aldakorra den moduan, guk ere egokitzen asmatu beharko dugu, malgutasunez jokatzen", esan du Gallastegik.

"Umeek behar zuten kirola"
Zaldibarko Olazarmendi gimnastika erritmiko klubean ere "pozik" hartu dute itzulera: "Umeek behar zuten kirola egitea", esan du Itsaso Zubia klubeko arduradunak. Kirola ohiko bizimodura aktibatzeko baliabide egokia dela uste du. "Guraso batzuek esan digute euren umeak ohi baino erritmo motelagoan itzuli direla eskolako klaseetara. Kosta egiten zaiela. Kirolak gorputza eta burua aktibatzen laguntzen duela uste dut. Kirola inguru antolatu batean egitea mesedegarria da adin horretan. Bestelako onurak ere hor daude, psikomotrizitatea eta abar".

Aste honetan hasi dituzte klaseak. Erritmoa hartzea "kostatu" egingo dela dio eta "pazientzia" izango dute gidari. Kontaktu fisikoa galarazita egotea ere oztopo bat izango da klaseak ematerako orduan. "Ikasketa prozesua astirotuko du, baina horixe da egoera, onartu eta horretara moldatu behar dugu", dio.

Monitore berri bat hartu dute taldeak talde txikiagoetan banatu ahal izateko. Horrez gainera, "udalari eskerrak", kiroldegiko kantxa erabili ahal izango dute eta ordutegi zabalagoagaz arituko dira.

"Oraindino ez da unea"
Bestelako iritzia du Durango Judo Taldeko Iñaki Salasek. Klaseei ekiteko "goizegi" dela deritzo eta "zuhurtasunez" jokatzeko unea dela uste du. "Egunean positibo kasu bat edo bi baleude, pentsatu daiteke itzuleraz, baina kasu gehiago egoten dira eta, nire ustez, oraindino ez dira baldintzak betetzen klaseak segurtasunez hasteko", adierazi du.

Euren klaseak espazio itxian eskaintzen dituzte eta horrek ere ez du laguntzen. "Gure azpiegitura ez dago egokituta horrelako egoera baterako", adierazi du.

Gainera, umeak klaseetan bakarka arituta ez direla dibertituko uste du. "Astebetean beharbada bai, baina hirugarren astean zer ariketa klase eskainiko diozu? Aspertzen badira, orduan bai galduko ditugu betiko", gaineratu du.

Orokorrean, hainbat zentroetako umeak batzen dituzten kirolek kezkatu egiten dute. "Arrisku handia hartzen ari gara horrelako kasuetan", azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!