Udabarria Bertsotan amaituta, erabakita geratu da zein bertsolarik parte hartuko duten Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Durangaldeko zortzi bertsolarik abestuko dute txapelketan: Aitor Bizkarrak, Eneko Abasolo 'Abarkas'-ek, Miren Amurizak (finalaurrekoetan hasiko dira kantuan, 2018ko txapelketan finalista izan ostean), Txaber Altubek (kanporaketetan hasiko da, 2018an finalaurrera iritsi ostean), Garikoitz Sarriugartek, Gorka Pagonabarragak, Igor Galarzak eta Iruri Altzerrekak.
Txapelketa atzeratu egingo da
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak ohar baten bidez adierazi du txapelketa atzeratu egingo dela, "printzipioz, datorren urtera". Halere, udazkenera begira "bertso saioen zirkuito bat" antolatzen ari direla iragarri dute ohar berdinean. "Txapelketako saioak egiteko baldintzarik ez egon arren, uste dugu bestelako saio mota asko antolatu daitezkeela guztion osasuna bermatuz".