"Inoiz baino jaitsiera hobea egin nuen; arriskatu eta ondo irten zitzaidan"

Joseba Derteano 2020ko ira. 23a, 10:14

Asteburuko Sorginen Lasterketak protagonista bat izan zuen beste guztien gainetik: Gontzal Murgoitio 19 urteko elorriarra. Proba irabazi ez ezik, iaz Imanol Goñik ezarritako marka (1.39.40) ia minutu bian hobetu zuen: 1.37.53. "Dena ondo irteten den egun horietarikoa izan zen: hankak ondo, tripak ere bai, burua argi… lasterketa borobila irten zitzaidan", azaldu du Aiaramendi taldeagaz aritu zen korrikalariak.

Goñi lehenengo tokian eta bakarrik igaro zen Anbototik, eta minutu bateko aldea ateratzen zion Murgoitiori; baina aldapan behera alde osoa jan zion, eta, tarte teknikoa amaitu zenean, aurreratu egin zuen. "Beti ondo moldatu izan naiz aldats behera, baina inoiz baino jaitsiera hobea egin nuen; arriskatu eta ondo irten zitzaidan", esan du. Ondoren, badaezpada ez zuen erritmoa moteldu, eta inondik inora itxaroten ez zuen marka ezarri zuen helmugan. "Ez nuen espero. Zelako maila zegoen ikusita, lehenengo bosten artean sartzea itzela izango zela uste nuen, eta 1.45etik jaistea nuen helburu", gaineratu du.

Emakumeetan Onditz Iturbek irabazi zuen Sorginen Lasterketa, Oihana Azkorbebeitiaren eta Eztizen Duqueren aurretik.

Hurrengo hitzorduak
Axpen ikusi zenez, Murgoitio sasoian dago aurretik datozen erronkei aurre egiteko. Urriaren 15ean Espainiako Trail Txapelketan arituko da, Sorian, Durango Kirol Taldearekin. Lehenengo bien artean amaitzen badu, azaroan Lanzaroten lehiatuko den munduko txapelketarako sailkatuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!