Bizkaiko Eskola Kiroleko entrenamenduetan zein neurri izango dira indarrean irailaren 28tik aurrera?

Anboto 2020ko irailaren 22a

Ez da lehiaketarik egongo eta entrenamenduetan kontaktu fisikoa murriztuko da.

Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Lorea Bilbaok Eskola Kirola 2020-2021 programaren hasieraren berri eman du gaur, prentsaurrekoan. Ekitaldi horretan foru diputatuak adierazi du izena emateko ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitateek irailaren 28an ekin ahal izango dietela entrenamenduei; gainera, esan du kontaktu fisikoa murriztu beharko dela, entrenamenduak ikuslerik gabe egingo direla eta, egoera epidemiologikoak hobera egin ezean, ez dela lehiaketarik izango.

Entrenamenduak honela egin beharko dira:

  • Ahal dela, entrenamendu fisikoa kanpoan egingo da.
  • Entrenamendu-taldeetako kideen kopurua ezin da izan aldi bakoitzean ezarritako gehienekoa baino handiagoa.
  • Entrenamendu-txanden artean instalazioak garbitu eta desinfektatu egingo dira.
  • Hasieran kirolariak banaka entrenatuko dira, batez ere prestakuntza fisikoa eta lesioen prebentzioa; gero, apurka-apurka, talde txikietan edo postuka entrenatuko dira, eta azkenean talde osoa batu ahal izango da (talde-kiroletan).
  • Ahal dela, kirol-jardunean gutxieneko segurtasun-distantzia mantendu beharko da, kirolarien arteko kontaktua nahitaezkoa denean izan ezik.
  • Entrenamenduetako sartu-irtenetan kirolariak gutxienez 1,5 metrora egon beharko dira elkarrengandik.
  • Entrenamenduak ikuslerik gabe egingo dira.
  • Hainbat kirolarik material bera erabili behar badute, gomendatzen diren higiene eta garbiketa neurriak aplikatuko dira.
  • Aldagelak ezin izango dira erabili.
  • Kirol-jardunean izan ezik, maskara soinean eduki beharko da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!