Amankomazgoaren Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak eskuhartze programak eta formazio saioak berreskuratuko ditu

Aitziber Basauri 2020ko ira. 17a, 11:38

Durangaldeko Mankomunitateko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak tabakoa erretzeko ohitura uzteko eta, batez ere, emakumeei zuzenduta egongo den antsietatea kontrolatzeko ikastaroak jarriko ditu martxan. Era berean, familiekin eta ikasleekin egiten den ohiko hitzaldi eta lan komunitario programazioa ere berreskuratuko dute. Ahal den neurrian, aurrez aurreko lanari emango zaio lehentasuna, Covid-19aren hedapena saihesteko ezarritako segurtasun-neurri guztiak betez.

Irailaren 24an hasiko da tabakoa erretzeko ohitura uzteko ikastaroa. Hamar saio izango dira, ostegunetan, 18:30etik 20:00etara. Bereziki psikofarmakoen kontsumo luzea duten emakumeei zuzenduta egongo den antsietatea kontrolatzeko ikastaroa, bestalde, irailaren 30ean hasiko da. Sei saio antolatu dituzte: asteazkenetan, 15:30etik 17:30era. Landako osasun zentroagaz lankidetzan prestatu dute azken ikastaro hori.

Bi ikastaroak doakoak dira eta leku mugatua dutenez aurretik izena eman behar da, 946200520 telefono zenbakira deituz edo prevencion.mdurango@bizkaia.org helbide elektronikora idatziz.

Ikasleei zuzendutako jarduerak

Hurrengo asteetan, eskualdeko ikastetxeekin (LH, DBH, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 2. eta  3. zikloetako ikasleekin) gauzatzen diren programei ere berriro ekitea aurreikusi du Durangaldeko Mankomunitateak. Drogen kontsumoagaz eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuekin erlazionatutako prebentzioari, eta, arriskuei, hezkuntza afektibo-sexualari, teknologien erabilera egokiari eta emozioen ezagutzari eta kudeaketari buruzko jarduerak prestatuko dituzte. Ikasturtean zehar garatuko dira jarduera horiek, mailaka.

Batez ere, LHko ikasleei zuzenduta dauden Balioetan heztea eta Heziketa afektibo-sexuala programak ikasturte osoan zehar gauzatuko dira. Horrez gain, familiekin egiten den lana Zaldibarren eta Atxondon egingo diren hitzaldiekin hasiko da. Familientzako Eskola otsailean jarriko dute martxan.

Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak maiatzean ekin zion berriro aurrez aurreko jarduerari, aurretiko hitzorduarekin, eta, orain,  berriz ere martxan jarri ditu komunitate, familia eta eskola mailan esku hartzeko eta prestatzeko programak. Mankomunitateko arduradunek azaldu  duten moduan, programak aurrez aurre egingo dira ahal den guztietan, baina berrikuntzak sartu dira bai iraupenean, bai jarduerak osasun-agintariek emandako gomendioetara egokitzeko metodologian.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!