Baiko enpresako pilotariek “portaera aldaketa” bat eskatu diote enpresari

Anboto 2020ko ira. 16a, 10:02
Pilotariek atzo eskainitako prentsaurrekoko irudia.

Baiko enpresako 18 pilotarik euren kexak azaldu dituzte prentsaurreko batean. Pilotari horien artean dago Ibai Zabala berriztarra.

Azken hilabeteetan egoerak hobera beharrean okerrera egin duela diote eta horregatik hartu dute euren iritzia publiko egitea. 2018an Baiko Taldeak bere ibilbideari ekin zionetik eta Jose Ramon Garai zuzendari orokor izendatu zutenetik “aurretik bizi edo ezagutu gabeko egoerak jasan” dituztela diote komunikatuan.

Esaterako, kontratuak berritzerako orduan, elkarrizketak “oso zailak” dira Garairekin eta tratua “errespetugabea” izaten da. Gainera, pilotariei pilotarekiko ”esklusibotasuna” eskatzen diete, urtean 23.000 eurotik behera kobratzen duten pilotariak daudenean eta joan-etorrietako (autoa, gasolina…) zein bestelako kontuetako (takorako materiala, fisiterapeutak…) gastuak 10.000 euroren bueltan dabiltzanean. Beste kexa bat da pilotariei debekatu egin dietela prentsarekin hartuemanak izatea, prentsa arduradunak baimendu ezik. Komunikatuak beste hainbat egoera ere jasotzen ditu.

Martxoan planteatutako ERTEa

Martxoan, osasun-krisiarekin batera, ERTE bat planteatu zuen enpresak. Hilabeteak igaro ziren eta, Aspeko pilotariak enpresarekin akordio batera heldu ziren bitartean, eurek “ziurgabetasun egoera berean” jarraitzen zuten. Horregatik, idatziz, azalpenak eskatu zizkieten enpresari.

Pilotariek ordezkari legal bat kontratatu zutela ikusita, enpresak esan zien ERTEa banan-banan negoziatuko zuela pilotariekin. Pilotariek erantzun zuten “denak batera, kolektibo gisa” negoziatuko zutela, beti ere “elkarlanerako jarrera mantenduz”.

Horren aurrean, enpresak “bertan behera” utzi zituen banakako bilerak. Gainera pilotariei galerazi egin zien hedabideekin elkarrizketak egitea, Aimar Olaizolarekin edo Mikel Urrutikoetxearekin ez bazen. “Hori legez kanpokoa da; izan ere, ERTEaren garai hartan langabezian geundenez, ez ginen enpresako langileak eta enpresak ezin zigun edozein kazetariren aurrean betorik jarri. Baina horrela egin zuten”.

Pilotari batzuei gertatutako “bidegabekeriak” ere plazaratu dituzte. Esaterako, Iker Arretxeri partida bat amaitu eta frontoiko atean bertan esan zioten ez ziotela kontratua berrituko. “Hori al da pilotan horrenbeste urte daramatzan pilotari batek merezi duen tratua?”, galdetzen dute. Iosu Eskirozi, Promozioko Binakako txapelketako irabazleari, kontratua ez berritu izanak ere “zur eta lur” utzi zituen. Victor Estebanen kasua ere aipatu dute.

Pilotari horiekin gertatutakoa “amorragarria” iruditzen zaie. Enpresak egoera ekonomiko zaila argudiatu du kontratuak ez berritzeko, baina pilotariak ez dira fidatzen. “Izan ere garai berean diru kopuru handiko kontratuak sinatu dira eta enpresari egoera ekonomikoa erakusteko eskatu diogunean, beti ezezkoa jaso dugu”.

Eskaerak eta mobilizaziorako aukera

Azaldutako egoeraren aurrean eskaera zehatzak dituzte. Jose Ramon Garairi langileekin “gehiago komunikatzeko” eta “negoziatzeko prest” egoteko eskatu diote, eta kirol-arloko tratuan zein tratu pertsonalean “portaera aldaketak” egin ditzala. Horrekin batera, azken aldian hartutako zenbait erabaki “birplanteatzeko” eskatu diote.

Eskaerei entzungor egiten badiete neurri “zorrotzagoak” hartzeko prest daude, “hala nola mobilizazio bat egiteko aukera”.

Azkenik aurreratu dute pilotari profesional elkarte bat sortuko dutela, “egungo pilotariak eta datozen urteetan etorriko direnak babesteko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!