Gaurko greba babestu dute Berton Bertokoak, Atxondoko guraso elkarteak eta Ikasle Abertzaleak antolakundeak

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 14a, 18:00

Hezkuntza arloan inplikatutako eragile desberdinak dira hirurak, baina bat datoz grebaren eskakizunekin. Baliabide gehiago eskatu dituzte Berton Bertokoak eta Atxondoko Ikasleen Guraso Elkarteak.  Ikasle Abertzaleak antolakundeak langile klasearen aurkako "ofentsiba" bat ematen ari dela salatu du.

Durangaldeko hainbat erakundek egin dute bat hezkuntza arloko beharginek irailaren 15erako deituriko grebagaz. Horietako batzuk dira Ikasle Abertzaleak, Berton Bertokoa eta Atxondoko Ikasleen Guraso Elkartea.

Berton Bertokoa eta Atxondoko IGE: "Jangela askotan ez da umeen elikadura eskubidea eta familia bateratzeko eskubidea bermatuko"

Berton Bertokoa mugimenduak baliabide faltak eskolako langileen, familien eta jantokien egoera kaltetzen duela dio. "Ez dugu esaten ikasturte hasiera, aztertu, planifikatu eta eszenatoki ezberdinak aurreikustea xamurra denik. Baina gure eskoletako zuzendari, irakasle, jangeletako hezitzaile eta garbitzaileak ikasturtea aurrera eramateko lan izugarria egiten ari diren arren, eskola gehienetan ez dute baliabiderik ikasturtea behar den segurtasunarekin hasteko", azaldu du Berton Bertokoak ohar batean.

Horren ondorioak eskoletako langileak eta familiak sufritzen dituztela diote. Azken orduko kudeaketa izaten ari da euren esanetan, aurreikuspenik bakoa. "Gure jangeletan gertatzen ari dena lotsagarria da, ikastetxez ikastetxe arazo ezberdinak izaten ari gara. Jangela askotan ez da umeen elikadura eskubidea eta familia kontziliatzeko eskubidea bermatuko". Baliabide gehiago eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari.

Atxondoko Ikasleen Guraso Elkarteak ere iritzi bera plazaratu du. Honako puntu hauekin babestu dute greba: "1.Bat egiten dugu Irakasle, Hezitzaile eta Garbitzaileekin eta gure babesa adierazten diegu. 2.Hezkuntza departamentuari gure eskoletan behar ditugun langileak eta beharrezkoak diren bitartekoak jarri ditzala eskatzen diogu. 3.Gurasoei egun horretan kalitatezko hezkuntza baten alde aldarria egin dezaten eskatzen diegu".

Ikasle Abertzaleak: "Burgesiaren ofentsibaren ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu"

Ikasle Abertzaleak antolakundearen iritziz, ikastetxeetan gertatzen ari denak kapitalismoaren ziklo berri bat ikusarazten du. Ikastetxeetakoa "burgesiaren ofentsibaren aurpegi bat besterik ez da, hezkuntzan areagotzen ari den ofentsibaren isla", diote. Antolakundeak digitalizazioa eta klase telematikoak ipini ditu "ofentsiba" horren adibide modura: "Klase telematikoen erabilera koiunturari lotuta aurkeztu bazen ere, geratzeko etorri dela dirudi. Batetik, pandemiak sortutako egoerak hala behartu duelako. Bestetik, soldatapeko lanaren konposizioan ematen ari diren aldaketek -inteligentzia artifizialaren garapenak eragin dezakeen konponsizio aldaketa kasu- gaitasun digitaletan trebatzea eskatzen duelako". 

Ikasle Abertzaleaken esanetan horrek guztiak ez die mesederik ekarriko ikasle langileei. "Burgesiak heziguneak irekiko ditu normalitatearen izenean eta berme sanitariorik gabe milaka eta ikasleren eta familiaren osasuna arriskuan jarriz". Horren ondorioak langile klaseak ez dituela ordainduko azaldu dute.

Mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. Bilboko kontzentraziora joatea eskatu dute. Autobus batek Madalenatik irtengo du 10:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!