Eskolara buelta "segurua eta adostua" eskatzeko kontzentrazioa egingo dute bihar Ezkurdin

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 14a, 15:00

Durangaldeko hezkuntza komunitateak mobilizazioak deitu ditu biharko greba deialdia babesteko. Durangon 18:00etan kontzentratuko dira Ezkurdi plazan.

Durangaldeko hezkuntza komunitateak bat egin du hezkuntza arloko sindikatuen greba deialdiagaz. Mobilizazioetan parte hartzera deitu dute eta sindikatuen eskariak hartu dituzte oinarri lez.

Hezkuntza arloko sindikatuen iritziz "onartezina eta ardurabakoa" izaten ari da Hezkuntza Sailaren kudeaketa. Aurrez aurreko eskolak eman ahal izateko osasun bermeek bete barik jarraitzen dutela diote. Kudeaketa "aldebakarrekoa eta adostu bakoa" izaten ari da euren esanetan. Hori dela eta biharko deituta dagoen greba berretsi dute.

Hainbat eskarirekin defendatu dute mobilizazioa. Hasteko, Hezkuntza Sailari eskatu diote ikastetxeetako eragileekin plangintza bat elkarbanatzeko eta adosteko.  Ikasgeletako ratioak jaistea eskatuko dute, eta irakasleren bat ordezkatu beharko balitz, ordezkapen hori lehenengo egunetik bertatik egitea.

Baliabideei buruz ere badago eskaririk: azpikontratazioa mugatzea eta beharrezkoa balitz langile propio gehiago kontratatzea eskatuko dute. Baita eskola garraioa eta jantokietako zerbitzuetan ere. Ikasleen artean egon daitezkeen arrakala teknologikoei eta sozialei kargu hartzea da beste eskarietako bat.

BIharko mobilizazioak

Bizkaiko hezkuntza arloko langileak Bilbon egingo dute kontzentrazioa. Arriaga plazan batuko dira 11:00etan. Durangaldeko hezkuntza komunitateko kideak Durangon mobilizatuko dira. Ezkurdi plazan egingo dute kontzentrazioa, 18:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!