Oporrak, barraskiloen antzera

"Beste urte batzuetan baino askoz ere eskari handiagoa izan dugu autokarabanen alokairuan; eskariak bikoiztu egin zaizkigu aurten"

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 11a, 09:30

Mikel Alvarezek (Lekeitio, 1976) orain hamar bat urte zabaldu zuen autokarabanak alokatzeko eta saltzeko negozioa, Iurretan. Mallabiena industrialdean du bere txokoa, izen bereko lokalean: Mikel karabanak.

Uda honetan igo egin da autokarabanen eskaria?
Bai. Mundu honegaz orain arte kontakturik izan ez duen jende asko etorri da gugana. Jende berri asko etorri da, bai erostera eta baita alokatzera ere.

Zeri zor zaio gorakada hori?
Komunikabideetan asko hauspotu da testuinguru honetan oporrak autokarabanan pasatzea aukera egokia den ideia. Ez dut esango anticovid denik, baina bai badela, zelanbait, freecovid. Azken finean, zeure familiagaz zoaz hortik zehar eta ez duzu inogaz erlazionatu beharrik gura ez baduzu. Joan zaitezke kanpin batera, zerbitzugune batera edo, besterik barik, zure airera egon zaitezke. Euria datorrela? Ibilbidea aldatu dezakezu. Askatasuna ematen du norbere airera ibiltzeko. Opor mota hau betidanik egon da, baina askok aurten probatu dute lehenengoz. Gustura gelditu dira gainera.

Orain arteko oporren eta aurtengoen artean, zelako aldea igarri duzue?
Urtero saltzen dugun kopurura ailegatuko gara aurten ere. Kontuan hartu behar da hiru hilabetean zarratuta izan dugula lokala, eta hile bi hauetan bost hiletan beste saldu dugula. Salmentari dagokionez, antzeko zenbakiak lortuko ditugu aurten. Alokairuan, ostera, hor bai, hor igarri dugu gorakada. Jende asko etorri da galdezka. Beste urte batzuetan baino askoz ere eskari handiagoa izan dugu. Alokairuak bikoiztu egin zaizkigu.

Zuek alokatutako autokarabanak nondik ibili diren badakizue?
Jende asko Galizia inguruan ibili da, eta baita Frantzia aldean ere, Arcachon inguruan-eta. Adibidez, aurten gutxi izan dira autokarabanan Suitzara edo inguru urrutiagoetara bidaiatu dutenak. Jendea hemen inguruan geratu da.

Zein tokitako bezeroak etorri zaizkizue?
Denerik. Durangaldeko herritar asko etorri dira. Azpeitiatik eta Arrasatetik ere etorri zaizkigu.

Zein profiletako herritarrak etorri dira? Familiak? Lagunarteak?
Familiak eta bikoteak etorri zaizkigu gehien. Eta asko, umeekin. Lagun kuadrillaren bat ere etorri zaigu, baina aurreko urteetan baino apur bat gutxiago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!