Oporrak, barraskiloen antzera

"Saint Michel mendiraino ailegatu ginen, baina bidean hainbat geldialdi egin ditugu"

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 11a, 09:30

"Argi genuen oporretan kanpora joan gura genuela, baina ez genuen hegazkinik hartu gura. Egoera honetan, errespetua ematen zigun hegazkina hartzeak. Horregaitik, autokarabana alokatzea erabaki dugu aurten", dio Andrea Alzuaranek (Atxondo, 1990). Berak eta bere lagunek lehenengo aldia izan dute oporrak autokarabanan pasatzen.

Bretainia eta Landak bisitatu dituzte gehienbat. "Normandiako mugaraino ailegatu ginen, Saint Michel mendiraino. Euskal Herritik 800 bat kilometrora dago gutxi gorabehera. Oso toki berezia da, monasterio bat dago mendi-uharte baten gainean. Baina haraino zuzenean joan barik, beste herri batzuk ere bisitatzen aritu gara bidean. Bretainiako herri txikiak oso politak dira, adibidez. Bueltako bidaian Bordelen eta Loirako gazteluetan egin ditugu geldialdiak. Baita Landetan ere", esan du Alzuaranek.

Autokarabanan bidaiatzea oso esperientzia polita izan dela adierazi du. Ibilgailuaren barruan denerik izan dute. Lo egiteko tokia, komuna, dutxa eta sukaldea. "Dutxak arin batean hartzen genituen, ahalik eta urik gutxiena erabiltzeko. Kozinatu, etxean lez egin dugu. Oso erosoa da. Dena eskura duzu, eta ordutegiak nahieran moldatu ditzakezu".

Errepikatzeko esperientzia

Alzuaranek eta bere lagunek argi dute errepikatu egingo dutela esperientzia. "Gure artean erdi barrezka esaten genuen ez ote genuen autokarabana bat erosiko. Halakorik ez oraingoz! Baina bai, aurrerantzean esperientzia errepikatuko dugu. Asko gustatu zaigun opor mota da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!