Txirrindulari gazterik onenak ikusteko aukera Abadiñoko eta Iurretako probetan

Joseba Derteano 2020ko ira. 10a, 12:07

Bizkaikoloreak Sariaren barruan kokatzen dira asteburuko lasterketa biak: zapatuan Abadiñon, eta domekan Iurretan. Batean zein bestean, junior mailako ziklista eta talderik onenetakoak batuko dira, UCI kategoriako probak direlako.

Zapatuko lasterketa 16:00etan hasiko da, Abadiñoko Txanporta plazan. 61 kilometroko ibilbidean Miota birritan igoko dute. Ondoren, Zornotzarantz joango dira (San Migel, Urrunin eta Dudea auzoetatik) eta Abadiñora bueltatuko dira berriro. Aingeru Guardakoaren ermita parean helmugaratuko dira.

Domekako proba Iurretako Andaparape kalean abiatuko da —Elizaren atzealdean—, 10:30ean. Miota birritan eta Areitio behin igo eta gero, ziklistak Garaira igoko dira. Goiuriatik jaitsi eta Olaburu kalean helmugaratuko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!