Irakaskuntzako sindikatuek greba egingo dute eskolara buelta "segurua eta adostua" eskatzeko

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 3a, 13:57

Irailaren 15ean egingo dute lanuztea. Irakaskuntzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek egin dute deialdia (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT).

Irakaskuntzako sindikatuek lanuztera deitu dute. Haien esanetan "onartezina eta ardurabakoa" da Hezkuntza Saila eskolara bueltarekin egiten ari den kudeaketa. Salatu dute ez dutela informaziorik, eta hezkuntza arloko agintariek aldebakartasunez hartu dituztela eskolara bueltari buruzko erabakiak eta neurriak. "Inprobisazioa da nagusi. Osasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak zein hauek aurrera eraman ahal izateko baliabideetan ez dago zehaztasunik", salatu dute ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek. 

Abuztuaren 28an emandako prentsaurrekoan, Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak 1.000 irakasle kontratatzeko aukera ipini zuen mahai gainean. Sindikatuen iritziz kopuru "eskasa" da, eta ez dakite "zein irizpideren baitan" egingo diren kontratazioak, ez noiz egingo diren, ezta kontratazio horiek berak ziurtatuko direnik ere. "Aukera hau, gainera, irakasleetara soilik mugatzen da, gainerako kolektiboetan ere plantilla gehikuntzak erabat beharrezkoak liratekeenean". Bestalde, arrakala sozioekonomikoa eta teknologikoa dauden ikastetxeetan inbertitzeko beharra azpimarratu dute.

Sindikatuen eskarietako batzuk:

  • Ikasleen ratioak jaistea. Ikasgeletan, gehienez 10-15 ikasle egotea.
  • Garbiketako ratioak egokitzea. Langile propio gehiago kontratatzea, azpi-kontratazioa mugatuta.
  • Jantokia ikasle guztientzat bermatzea.
  • Eskola garraioan segurtasuna eta garbitasuna mantentzea.
  • Arrakala teknologikoa eta soziala bideratzeko neurriak hartzea.
  • Langileen plantilla handitzea, irakasleekin, hezitzaileekin eta garbitzaileekin.

Irailaren 10ean mobilizazioak egingo dituzte Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Hezkuntza ordezkaritzen aurrealdean. Irailaren 15ean, berriz, greba egingo dute. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!