Amankomunazgoan zabalik daude aniztasun funtzionalari, kirolari eta euskarari lotutako diru-laguntzak eskatzeko epeak

Aitziber Basauri 2020ko ira. 1a, 11:00

Aniztasun funtzionala duten pertsonen gizarteratzea sustatzeko, euskararen erabilera indartzeko, eta, ekonomia eta enpleguan eragiteko diru-laguntzak bideratu ditu Durangaldeko Mankomunitateak. Baita kooperazioan eta kirolean lan egiteko ere lotu ditu. Guztira, 143.000 euroko diru-poltsa lotu du arlo horietan  banatzeko. Laguntzak irailaren 18ra arte eskatu daitezke.

Dena den, kanpoko errotuluak euskaraz jartzeko eta webguneak hizkuntza horretan argitaratzeko merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako establezimenduei zuzendutako laguntzak eskatzeko epea, urriaren 16ra arte luzatuko dela jakin eragin dute Durangaldeko Mankomunitateko arduradunek.

2020ko Laguntza eta Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartu zuen uztailean Durangaldeko Mankomunitateak. Bost lan ildo estrategiko adostu zituzten eta hainbat partida onetsi zituzten: 30.000 euro bideratu dira aniztasun funtzionala duten pertsonen gizarteratzea sustatzeko, 20.000 euro egoera eskasean dauden herrietan garapenerako lankidetza jarduerak gauzatzen dituzten irabazi asmorik gabeko Durangoko elkarteetarako; 47.000 euro kirolaren sustapenerako –batez ere atletismoa, trinketea eta pistako txirrindularitza–, 11.000 euro eskualdeko gizarte, kultura, lan eta ekonomia bizitzan euskararen erabilera bultzatzeko; eta, amaitzeko, 35.000 euro ekonomiaren eta enpleguaren sustapenerako.

Aipatutako Plan Estrategikoa gauzatzeko, guztira, milioi bat euro inguru lotu zituen Durangaldeko Mankomunitateak, eta poltsa horren zatirik handiena aipatutako alorretan lan eragitera bideratuko da.

Durangaldeko Mankomunitateak laguntzetan parte hartu ohi duten elkarte eta erakundeei eskaera berezia egin die: "jarduera asko normaltasunez gauzatzea ezinezko bilakatzen duen Covid-19aren pandemiak eragindako normaltasun berriaren testuinguruan, pertsona eta kolektibo onuradunen bizitza kalitatea hobetzen laguntzeko alternatiba berritzaileak eta seguruak bilatzea".

Mankomunitateko arduradunek azaldu dutenez, "diruz lagundu beharreko jardueren helburua, Mankomunitatearen eskumenen barruan dagoen helburu publikoa edo interes soziala duten eta elkarteetan eta erakundeetan egituratuta dagoen gizarte zibilak aurrera eramandako proiektuak eta jarduerak sustatzea eta bultzatzea izango da, eta baita gizarte zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen partaidetza eta gizarteratzea bultzatzea ere".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!