"Azken egunetako garapenak eskatzen digu zerbait gehiago egitea, neurri murriztaileagoak ezartzea eta, nolabait, sendoago erantzutea bizi dugun egoerari", azaldu du Tapiak gaur eguerdiko agerraldian. "Atzerapausu bat egin beharra dago, orain arteko normaltasun berria arazoak eta zalantzak sortzen ari delako", gehitu du. Neurri horiek ezartzea " ez da atsegina, baina bai beharrezkoa", adierazi du. Era berean, argitu du oraingoa ezin dela alderatu martxoko egoerarekin eta osasun larrialdia ez dela alarma egoeraren parekoa eta ez dutela konfinamendurik aurreikusten. "Bigarren konfinamendua baztertu egiten dugu. Ez dugu horrelakorik aurreikusten".
Informatu dutenez egoera berria "ez da hilabeteko kontua" izango eta "epe luzerako" izan daiteke. "Birusarekin elkarbizitzen ikasi behar dugu".
Aurrerantzean neurri murriztaileak mota bikoak izango dira: orokorrak, Euskal Autonomia Erkidego osoari bideratutakoak, eta bereziak, auzo, herri edo arlo batera bideratutakoak. Neurri horiek egunetik egunera egokitzen joango dira; edo gogortu edo arindu egin daitezke, egoeraren arabera.
Astelehenean, osasun larrialdiarekin batera, gizarte babeserako plana indarrean jarriko dute eta baita aholkularitza batzorde bat ere. Erakunde desberdinetako ordezkariekin osatuta egongo da eta Urkullu lehendakaria izango da batzordeko burua. Batzorde hori hurrengo asteartean batuko da lehenengoz.
Neurri murriztaileen artean honako hauek aurreratu dituzte.
- Murriztapen batzuk aforoetara bideratuta egongo dira. "Elkartzeak 10 lagunetik gorakoak ez izatea" lortu behar da, azaldu du Tapiak. Elkartze mota desberdinak daudela azaldu du eta murriztapenak arloz arlo egingo direla. "Gehiago erlaxatu garen arlo horiei eragingo die batez ere", adierazi du. Hondartzetako jende pilaketak aipatu ditu, besteak beste. Esaterako, azaldu du ez dela berdina zineman segurtasun neurriak zainduz egotea edo beste esparru batzuetan egoten diren jende pilaketak.
- Beste murriztapen batzuk ostalaritzan ezarriko dituzte: 1:00 aurrera ezingo dira zabalik egon.
- Garraio zerbitzu publikoa ostalaritzako murriztapen horietara egokituko dute.
- Maskarak jarrita eramatea bereziki zainduko dute. "Esaterako, ez du ezertarako balio garraio publikoetan maskara eramateko derrigortasuna egotea, gero ur-botilla batetik etengabe ura edaten ari garelako ez badugu maskararik jartzen. Horrelako jarreretan oso murriztaileak izango gara", aurreratu du Tapiak. "Maskaren derrigortasuna oso ondo definituta" egon dadila bilatuko dute.
Neurri orokor horien gaineko xehetasun zehatzagoak hurrengo astearteko aholkularitza batzordean adostuko dituzte. "Askotariko erakundeak batzen dituen gune horretan adostu behar dira neurri zehatzak", zehaztu du Tapiak.
Hartutako neurriek hiru helburu dituztela azaldu du: osasun sistema babestea eta kolapsoa ekiditea, bigarren kofinamendua saihestea eta birusarekin bizitzen ikastea, txertoa edo tratamendu bereziren bat lortu bitartean. "Birusarekin bizitzen ikasi behar dugu; ahalik normaltasun handienarekin, baina zuhurtzia handiarekin bizitzen ikasi behar dugu", argitu du.
Atzoko datuak
Nekane Murga Osasun sailburuak atzoko datuen berri eman du. Atzo 8. 263 PCR proba egin zituzten, "orain arteko proba kopuru handiena". Guztira 575 positibo atzeman zituzten: 378 Bizkaian, 126 Araban eta 64 Gipuzkoan.
Atzo 31 lagun ospitaleratu zituzten COVID-arengatik eta 13 lagunek ZIU-n (zainketa intentsiboetako unitatean) jarraitzen dute.
Asteburuetan ez dute herriz herriko daturik ematen. Herrikako hurrengo datuak astelehenean jakinaraziko dituzte.