Izurriaren bigarren olatuan sartuta gaudela adierazi du Osasun Sailak

Ekaitz Herrera 2020ko abu. 6a, 14:23

"Datuek erakusten digute bigarren olatuari aurre egiten ari gatzaizkiola", adierazi du gaur goizean Nekane Murga Osasun sailburuak. Uneotan koronabirusagatiko 2.000 kasu aktibo daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. "Kontaktuak eta lagunarteko jende kopuruak ahal bezainbeste murriztu behar ditugu".

Argia da Osasun Sailaren mezua: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa pandemiaren bigarren olatuan sartuta daude dagoeneko. Hala esan du gaur Nekane Murga Osasun sailburuak, goizean egindako prentsaurrekoan. "Birusa tokia irabazten ari da. Gero eta jende gehiagorengana ari da iristen. Azpimarratu gura dut gutariko bakoitzaren prebentzioa giltzarria dela birusaren zabalkundea eteteko". Uneotan Euskal Autonomia Erkidegoko 2.000 herritar koronabirusagatiko kasu aktiboak direla esan du Murgak, eta 10.000 bat pertsonari ari zaizkiela jarraipena egiten. "Ezin dugu birusa gutxietsi. Pentsatu dezakegu gutxiago kutsatzen duela. Irudi dezake birusa ez dela martxoan bezain erasokorra. Baina hau ez da egia".

Azken egunetako zenbakiak aipatu ditu Murgak. Atzo 8 ospitaleratze berri izan ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan. 57 dira guztira eta gehienak Bizkaian daude. Honetaz gainera, 5 herritar daude Zainketa Intentsiboen Unitatean.

Kontaktuak murrizteko deia herritarrei

Aurrerantzean segitu beharreko bidea markatu du Osasun sailburuak. Batetik, orain arte bezala detekzio lanekin  jarraitzea, eta, bestetik, herritarren ardura. "Inoiz baino beharrezkoagoa da herritarrek prebentzioz jokatzea. Bakoitzaren kontaktuak eta lagunarteko jende kopuruak ahal bezainbeste murriztu behar ditugu. Birusa erakusten ari da normaltasun berri bat ez dela posible. Gure erlazio ohiturak aldatu behar ditugu, distantziak hartu", azaldu du Murgak.

Jaiei eta ospakizunei buruz ere egin du berba: "Gure buruari iruzur egiten ari gara jaiak gure etxeetara, gure txokoetara edo landetxetara lekualdatzen ari bagara. Suarekin jolasten ari gara".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!