Lur-jausia Zaldibarren

Zaldibar Argituk Gasteizko legebiltzarraren atarira eraman ditu protestak

Ekaitz Herrera 2020ko abu. 3a, 16:59

Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Eitzagako lur-jausiari lotutako erantzunkizunak beregain hartzea. Iñaki Arriola egungo Ingurumen sailburuaren dimisioa ere eskatu dute. Eusko Legebiltzarrak legegintzaldi berria abiatu du gaur, uztailaren 12ko hauteskundeen ostean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako legebiltzarrak legegintzaldi berria hasi du gaur goizean. Hirugarren aldiz, Bakartxo Tejeria jeltzalea izendatu dute legebiltzarreko presidente, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Bien bitartean, Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean, hainbat herritar batu dira Zaldibar Argitu plataformak deituta. Otsailean Eitzagan izandako lur-jausiari lotutako erantzunkizunak hartzea eskatu diote Jaurlaritzari. Plataformako kideen iritziz, "ez da erraza ulertzea, 6 hilabete eta gero, beharginak (Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze) topatu ez izana". Eitzagako auzotarren eskariei jaramonik egin ez zaiela kritikatu dute. Izan ere, besteak beste, osasun eta mediku azterketak eskatu zituzten auzotarrek, duela aste batzuk.

Honetaz gainera, Iñaki Arriolaren, gaur egungo Ingurumen, Lurralde antolamendu eta Etxebizitza sailburuaren dimisioa eskatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!