Behargintzako egoitzarentzat alternatiba bat daukala eta ikastaroak ez daudela arriskuan dio Durangoko Udalak

Anboto 2020ko uzt. 30a, 15:56

Aste hasieran bilera egiteko gonbidapena bidali ziola Amankomunazgoari dio Durangoko Udalak. "Ez dugu erantzunik jaso orain arte", azaldu du udalak.

Durangoko Udalak  oktogonoa esaten dioten eraikina husteko agindu ostean, Behargintzako ikastaroak arriskuan daudela salatu dute gaur Amankomunazgoko hainbat kidek prentsaurrekoan. Beste leku alternatibo bat bilatzeko astirik ez dietela eman kritikatu dute. Kritika horri erantzunez, Durangoko Udalak argudiatu du Durangoko udal eraikinekin beste administrazioek egiten duten erabilera arautu nahi duela.

Horregatik, Durangoko dioenez,  Behargintzako ikastaroak birkokatzeko alternatiba bat dauka, eta aste hasiera honetan bilera bat egiteko gutun-gonbidapena bidali ziola Amankomunazgoari. "Dena den, Durangoko Udalak ez du erantzunik jaso orain arte", azaldu dute.

Oktogonoa Durangoko elkarte eta eragileek leku bat izateko erabili gura du udalak. "EAJk Pinondo Etxean izandako utzikeriaren ondorioz eraikin hori hustu behar izan dugu", gaineratu du udalak. 2009an sinatutako txosten tekniko batek Pinondo Etxearen egoera txarra nabarmendu zuela gogoratu dute.

Durangoko Udalak dioenez, "guztiz faltsua da Behargintzako ikastaroak arriskuan daudenik. "Amankomunazgoko presidenteak nahiago izan du prentsaurreko bat deitu eta ‘arrisku’ irudi bat islatu, Durangoko Udalarekin bildu eta haren proposamena entzun baino.  Udalak esan duenez, "elkarlanerako jarrera adierazi diogu Amankomunazgoari, bai publikoki eta baita modu pribatu batean. Horregatik, harrigarria iruditzen zaigu Amankomunazgoak EAJko alkateekin eskaini duen prentsaurrekoa.

Durangoko Udalak dioenez, "espero dugu Amankomunazgoari egindako batzarrerako deia onartzea eta haren proposamena entzutea irtenbide amankomun bat lortzeko. Horregatik, Amankomunazgoari eskatzen diogu oraindik erantzun ez duen gonbitea onartzea eta udal ordezkariekin biltzea".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!