Durangoko Udalak kokapen berri bat bilatzeko denbora gehiago eman ezean Behargintzaren ikastaroak arriskuan daudela dio Amankomunazgoak

Anboto 2020ko uzt. 30a, 13:43

Durangoko Udalak pentagonoa husteko eskatu zion Amankomunazgoari duela aste batzuk eraikin hori bere jabetzakoa baita.

Durangoko Udalak pentagono legez ezaguna den eraikina berehala husteko eskatu zion Amankomunazgoari duela bi aste. Eraikin hau Durangoko Udalarena da, baina AMankomunazgoak erabili du 20 urtez. Amankomunazgoak dioenez, epea luzatu ezik  Mankomunitateak ez du denborarik izango alternatibak topatzeko. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, arriskuan daude Behargintzako programak baita diru-laguntzak ere. Durangoko Udalak dagoeneko instalazioaren sarraila aldatu duela azaldu dute.

Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Amankomunazgoko presidenteak Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateagaz prentsaurrekoa eman du gaur goizean. Abadiñoko, Atxondoko, Garaiko eta Zaldibarko alkateak ere bertan izan dira.

Behargintzaren 13 prestakuntza ikastaroetan eragina izan dezakeela diote. Ikastaro horietan, eskualde osoko, batez ere Durangoko, ehun pertsona baino gehiagok parte hartzea dago aurreikusita. Instalazio horietan Behargintzak enplegurako eta ekintzailetzarako prestakuntza ikastaroak ematen ditu, eta baita langabezian dauden pertsonak orientatzera, laneratzera eta kualifikazioa hobetzera zuzendutako zenbait jarduera ere.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Tokiko Enplegurako 3R programa eta Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin kualifikatutako gazteen laneratzera zuzendutako Hazilan programa daudela arriskuan diote Amankomunazgoko arduradunek.

Durangoko Udalaren aginduak Durangaldeko Amankomunazgoak erabiltzen dituen gainerako espazio batzuetan (Galtzaretak, KIUB, Behargintza eta atletismoko pista) ere badu eragina aurreratu dutenez, "Durangoko Udalak gune horiek erregularizatzeko interesa iragarri baitu, baina oraindik ez du adierazi zer baldintzatan egingo litzatekeen".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!