Urkiola Landa Garapenerako Elkarteak Durangaldeko ondare botanikoa osatzeko laguntza eskatu die herritarrei

Anboto 2020ko uzt. 28a, 12:34

Baten batek eskualdeko altxor botanikoren bat ezagutuz gero, elkartera informazioa bidaltzea eskatu dute

Aurten Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak Durangaldeko Ondare Naturalaren eta Botanikoren inbentarioa osatzen hasi da. Proiektu honek eskualdeko Ondare Naturala eta Botanikoa osatzen duten baliabideak identifikatu, zerrendatu eta geo-kokatzeko asmoa duela azaldu dute elkarteko kideek. "Gure mendietan eta basoetan kokaturik dauden baliabide naturalez gain, herrigune eta inguruetan kokatzen diren elementuak zerrendatu nahi ditu elkarteak", azaldu dute.

Urkiola Landa Garapenak inbentarioa osatzeko Durangaldeko herritarren, eragileen eta erakundeen laguntza behar du.

Baten batek eskualdeko altxor botanikoren bat ezagutuz gero, elkartera informazioa bidaltzea eskatu dute. Inbentario horretan parkeak, lorategiak, zuhaitzak, loreak eta landare bereziak zerrendatuko ditu, besteak beste. Hauen adibide ezagun batzuk: Elorrioko Jauregien lorategiak, Amorebieta-Etxanoko Jauregibarria Parke Botanikoa, Berrizko Udaletxeko Parkea; Durangoko Pinondo Parkea, Garaiko Etxeitako Artea, besteak beste. Jasoko diren datuak baliabide botanikoaren izena, kokapena eta posible bada honen argazkia. Bide batez, elementu honi eta bere inguruari buruzko istorioren edo pasadizoren bat ezagutzen bada, bidaltzea eskatu dute.

Ekarpenak landagarapena@landagarapena.eus posta elektronikora bidali daitezke. Telefono zenbakia 946203611 da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!