Koronabirusaren eraginez, ume sahararrak ezingo dira Durangaldera etorri

Jone Guenetxea 2020ko uzt. 24a, 09:08

Uda heltzeagaz batera, Durangaldeko hainbat familia eta elkarte irrikan egoten dira ume saharren bisita jasotzeko. Aurten, baina, familia zein begiraleek eta umeek ezin izango dute bat egin, pandemiaren eraginez. Durangaldean ume sahararren harrera antolatzen duten hiru elkarte dabiltza lanean: Lajwad, Río de Oro eta Hamadako Izarrak.

Río de Oroko kideek aniztasun funtzionala duten 12 umerentzako kanpamentua antolatuta zuten Izurtzan. Beste 10 ume inguru uda familiekin pasatzekoak ziren. Abenduan Tindufen izan ziren, udako proiektu biak prestatzeko. Baina, pandemiak plan guztiak bertan behera uztea ekarri du. "Kolpe handia izan da guretzat, eta batez ere, umeentzat. Udan oso tenperatura altuak jasan behar izaten dituzte. Gainera, umeren batek ebakuntzaren bat egitekoa zuen. Baina, ulertzen dugu umeak kanpalekutik irten eta sartzea arriskutsua dela. Birusa bertan sartzea hondamendia litzateke", dio Mikel del Arko Río de Oroko kideak.  Uda sasoian, beste lurralde batera bidaiatu eta esperientzia bizitzeagaz batera, osasun azterketak egiten dituzte.

Maialen Berna Elorrioko Lajwad elkarteko presidentea da. Iaz 9 ume etorri ziren herriko familiekin batera uda pasatzera. Denek 12 urte dituztenez, aurten beraien azken bidaia izatekoa zen. "Pena handia dugu aurten umeak ez direlako etorriko. Asko kosta zait egoera asumitzea, baina ez dago beste aukerarik. Hala ere, umeek ulertu dute egoera", azaldu du Bernak.

Hamadako Izarrak elkarteak Axpeko aterpetxean hartzen ditu hainbat ume saharar. Aurten talde berri bat etortzekoa zen arren, ezin izango dute bidaia egin. Garazi Etxebarria elkarteko kideak azaldu duenez, Aste Santuan Tindufera bidaiatzeko asmoa zuten, umeak bisitatzeko. "Aste bi lehenago bidaia bertan behera utzi behar izan genuen, koronabirusa dela eta". Egoera hau ardura handiz bizi duten arren, umeak ez etortzea ulertzen dutela dio Etxebarriak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!