Asteburuan 8 PCR positibo detektatu dira Durangaldean

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 20a, 13:47

Kasu berri bat identifikatu dute Abadiñon, 3 Zornotzan, 1 Berrizen eta beste 3 Zaldibarren.

Koronabirusagatiko positiboek gora egin dute Durangaldean. Osasun Sailak emandako datuen arabera barikutik domekara bitartean 8 izan dira baieztatutako positiboak. Barikuan kasu positibo berri bat identifikatu zuten Abadiñon. Zornotzan 2 detektatu ziren zapatuan eta beste bat domekan. Berrizen, zapatuan baieztatu zuten PCR positibo berri bat. Zaldibarren kasu bat izan zen barikuan eta beste bi zapatuan.

Biderkatze indizea (R0 deiturikoa) 2 baliotik gora dago. Hau da, infekzioak iraun bitartean kasu positibo bakoitzetik bi kasu berri sortzeko arriskua legoke indize horren arabera. Barikutik domekara bitartean, Osasun Sailak 14.304 PCR test egin zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 8 baieztatu dira Durangaldeko herrietan. 

Ermuaren eta Eibarren gertutasuna

Durangaldearen inguruko biztanle handiko herrietan gorakada nabarmenak izan dira asteburuan. Ermuan 77 PCR positibo baieztatu dira barikutik domekara bitartean, eta, 56 Eibarren.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!