Gobernantza eredu "ireki" eta "kolaboratiboan" oinarritutako Plan Estrategiko berria izango du Amankomunazgoak urte amaieran

Aitziber Basauri 2020ko uzt. 14a, 10:56

Herritarren partaidetza, elkartasuna, ekitatea eta "guztien ongizatea" sustatuko ditu Plan Estrategiko berriak, "herritarren eta gizarte zein eragile ekonomikoen arteko hartu-emana oinarri hartuta", Amankomunazgoko arduradunen berbetan. Bestea beste, Berdintasun Zerbitzua martxan jartzeko bideragarritasuna aztertuko du Durangaldeko Amankomunazgoak Plan Estrategiko berriaren barruan, hala badagokio, zerbitzu horren diseinua lantzea proposatuz.

Besteak beste, iraunkortasunagaz, berrikuntzagaz, berdintasunagaz eta euskaragaz lotutako zeharkako politikak proposatuko ditu hiru urteko iraupena izango duen plan berriak (2020-2023). Amankomunazgoko arduradunek azaldu dutenez, "udal eskumenekoak diren ahalik eta zerbitzu edo jarduera gehien kalitate eta eraginkortasun handienarekin antolatzeko, kudeatzeko eta eskaintzeko helburuarekin eratu zen Durangaldeko Mankomunitatea".  Gaineratu dutenez, "helburu hori begi bistatik galdu barik eta egungo beharrei erantzun egokiena emateko", hiru arlo nagusitan antolatuko dute Mankomunitatea: Herritartasuna, Tokiko Garapena eta Antolakuntza. 

Urte amaieran prest izan gura duten dokumentuak gobernantza eredua, egitura eta antolaketa finkatuko ditu. Amankomunazgoko arduradunek gaineratu dutenez, "jarraitu beharreko prozedurak, zereginak eta herritarrekin izan beharreko harremana zehaztuko ditu, eta, erakunde osoaren egitekoa hiru eremu horietan ezarritako helburuak betetzera bideratzeko, behar diren baliabideak eta lankidetzak ere bai".

Herritartasuna alorrean gizarte ongizatean eta pobreziaren eta parekidetasun ezaren aurkako borrokan egingo dute lan. Berdintasuna, euskara eta kultura ere izango dituzte lan ildo moduan, azaldu dutenez. Bestalde, Tokiko Garapenerako arloan, bi lan ildo zehaztu dituzte: batetik, garapen iraunkorra, hondakinen kudeaketa eta klimaren aldaketaren aurkako borroka, eta, bestetik, enplegua sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea. Durangaldeko Mankomunitateak herritarren partaidetzara irekita egongo den gobernantza eredua gura du, nabarmendu dutenez.

Horrez gainera, gaineratu dutenez, "gaur egun, ezinbestekoa da ekintza guztiak, pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta pertsona guztientzako oparotasuna ziurtatzeko Nazio Batuek 2030erako ezarritako Garapen Iraunkorreko 17 Helburuen (GIH) esparruan lerrokatuta egotea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!