EAJk garaipena lortu du Durangon, Zornotzan, Mañarian, Berrizen, Garain eta Iurretan. EH Bildu, aldiz, zerrenda bozkatuena izan da Abadiñon, Elorrion, Atxondon, Mallabian, Otxandion, Izurtzan eta Zaldibarren. Duela lau urteko datuekin alderatuta, koalizio subiranistak lau herri gehiagotan lortu du garaipena (2016an Otxandion, Elorrion eta Mallabian lortu zuen garaipena).
PSE-EEk duela lau urteko emaitza berdintsuei eutsi die, baina hirugarren alderdirik bozkatuena izan da, Elkarrekin Podemosek jasandako higaduraren ondorioz. Talde moreak 2016an baino bi mila boto inguru gutxiago jaso ditu. Laugarren indar politikorik bozkatuena izan da.
Equo Berdeak talde ekologistak 299 boto lortu ditu. Vox alderdi ultraeskuindarrak, aldiz, 332.
EAJ garaile hiru lurraldeetan; EH Bilduk indarra hartu du
Jeltzaleak garaile izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru eserleku gehiago izango dituzte aurrerantzean, Eusko Legebiltzarrean, 31 guztira. EH Bilduk indarra hartu du Autonomia Erkidegoan. Lau eserleku gehiago izango dituzte. Elkarrekin Podemosek beherakada izan du bost eserleku galduta eta bere posizioa hobetu du PSE-EEk, bat gehiago gehituta. PPk beherako joerarekin jarraitzen du. Ciudadanos alderdiagaz koalizioa osatu arren, aukera horrek huts egin dio. Indarra galdu, lau eserleku galdu, eta 5 izango ditu aurrerantzean. Ultraeskuinak eserleku bat izango du, lehen aldiz, Eusko Legebiltzarrean.