Elkarte gastronomikoek garbitasun eta segurtasun baldintzak bermatuta zabaldu dituzte berriro euren ateak Durangaldean

Aitziber Basauri 2020ko eka. 29a, 10:18

Maiatzaren amaieran baimendu zuten txoko edo elkarte gastronomikoak zabaltzea, bigarren fasea indarrean sartuta. Hori bai, segurtasun eta garbitasun baldintzak bermatuta eta %50eko aforoagaz. Durangoko Napar eta Abadiñoko Zalduerreka elkarteek, adibidez, orduantxe zabaldu zituzten ateak. Bestetik, Iurretako Amezketondon itxaron egin dute alarma egoera amaitu arte; eta Iurretako Montostek oraindino ez zabaltzea erabaki du. Denek zuhurtziaz jokatu gura dute, zalantza egoera dela-eta.

Normaltasun berrian sartuta, orain arteko segurtasun eta edukiera neurriekin jarraitzen dute, bai Napar elkartean bai Zalduerrekan. Napar elkarteko Jon Odiagak azaldu duenez, kontu handiz eta apurka dabiltza martxa hartzen: "Jendea tentuz dabil. Zalantza asko ditugu denok". Zalduerrekan ere hasi dira bazkideak joaten. Aintzane Mendiolaren ustean, "baldintzak bermatzea ezinbestekoa da bazkideak lasaitzeko".

Bazkari-afarien ordutegia mugatu dute Naparren, garbiketa eta desinfektatze lanak bermatzeko. Eguenetik domekara dago zabalik, eta gehienez lau talde egon daitezke aldi berean. "Sukaldean lau lagun egon daitezke bakarrik, maskaragaz", dio Odiagak. Bestalde, Zalduerrekan egunak bereiztu dituzte, batzuk bazkaltzeko eta beste batzuk afaltzeko; eta, hartara, garbitasuna bermatzeko. Gehienez lagun bi egon daitezke sukaldean, maskaragaz.

Zabaldu barik
Amezketondon 40 lagun batu daitekez, gehienez, jatorduko; eta 20 laguneko taldeak izango dira asko jota. Garbitasuna eta desinfekzioa bazkideen ardura izango da. Sukaldean lagun bat egongo da taldeko, beti maskaragaz. Aisialdirako elementu komunak ezin dira erabili, Virginia Rodriguezek azaldu duenez.

Ikusita zaila izango zela segurtasun, garbitasun eta aforo neurriak betetzea, Montoste elkarteak maiatzean txokoa itxita mantentzea erabaki zuen. Egoeraren bilakaeraren arabera zabalduko dute, Eneko Abasolok azaldu duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!