Durangaldeko bidegorriari "lehentasuna" emateko eskatu du EH Bilduk

Anboto 2020ko eka. 24a, 13:00

Garraiobide kolektiboa "lehenesteaz" gainera, bizikleta ere "erdigunean" jarri behar dela uste dute.

EH Bildurentzat "funtsezkoa" da Durangaldeko bidegorri sarea "ahalik eta azkarren" eraikitzen joatea, eta Aldundiari bere lehentasunen artean gai hau jartzea eskatzen dio. Aldarrikapena ez da berria ohar batean gogoratu dutenez: 2018ko udaberrian ekimen instituzionalak aurkeztu zituen udaletan eta Mankomunitatean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan  Durangaldeko herriak lotuko zituen bidegorri sarea bultzatzeko. 
Mankomunitatetik eman diren pausuak "begi onez" ikusten baditu ere, lehentasuna bidegorria dela adierazi dute eta, horregatik eskatzen dio Aldundiari gai hau "bere lehentasunen artean jartzeko eta jar ditzala bitartekoak eskualderako beharrezkoa den azpiegitura hau eraikitzeko". 

EH Bilduk 2018an proposatu duen Durangaldeko herriak lotzeko bidegorri proiektuak ardatz nagusi bezala Elorrio-Atxondo-Abadiño-Durango-Iurreta-Zornotza ibilbidea du, eta bertara beste bi adar gehitzen dira: bata, Zaldibar- Berriz-Matiena; eta bestea, Mañaria-Izurtza. "Bidegorri eredu hau herritarra da, herritarren mugikortasun beharrizanei erantzuten diena eta Durangaldeko herriak bata bestearekin lotzen dituena, eskualdearen kohesio beharrizanei erantzunez. Gure lehentasuna, epe motzean lortu daitekeena, eskualdeko herriak bata bestearekin lotzea da", azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!