AHTren aurkako aldarria ostera kalean dela aldarrikatuko dute uztailaren 4ean

Aritz Maldonado 2020ko eka. 23a, 19:46

AHTren aurkako bizikleta martxa antolatu dute uztailaren 4rako 'Bueltaz gatoz!' lelopean. Abadiñoko Txanporta plazatik abiatuko da, 10:00etan; Atxondon hamaiketakoa egingo dute 11:30ean eta Elorrion ekitaldia egingo dute, 13:00etan.

Pedalkadaz pedalkada, "aspaldi sortutako mugimendua berpiztea" gura dute antolatzaileek bizikleta martxarekin. "Durangaldean antolatzeko eta AHT gelditzeko lanean jarraitzeko gogoz darraigu, beste mugikortasun baten alde eta beste garraio eredu baten alde" azaldu du Oihana Azkorbebeitiak bertaratutakoen izenean.

Konfinamendu garaia AHTren eraikitze lanak egiteko baliatu izana egotzie diete agintariei. "Osasun sistema krisian murgilduta eta konfinatuta egon garenean, obrek aurrera jarraitu dutela salatu nahi dugu. Kamioien joan etorrien eta inguruko lurretan sortzen ari diren eragozpenak jasaten ari gara herritarrok". Horrez gainera, gogoan eduki gura izan dituzte berriki eraitsitako Mendiolako Mendilibar-erdikoa eta Goxentziagirre baserriak eta Atxondoko maisu-maistren etxea. 

Amaitzeko, AHTren proiektua "diru xahuketa" dela adierazi dute, eta lanak gelditzea "oraindik posible" dela. "Kontrakoa esaten diguten arren, AHTren obra erdia ere ez dago egina. Egina bezala saltzen duten hori obra zibila baino ez da, eta honi gehitu beharko genioke trenbidea, katenaria, segurtasun sistema guztiak eta trena bera. Atzera bueltarik ez duela sinestarazi nahi badigute ere, oraindik gehiena egiteko dago, eta beraz gelditu daiteke, eta gelditu behar da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!